Arburua, berriro garaile
Bigarren urtez segidan, Kortaria gaztandegiko gaztagileak irabazi du Ordizia Txapeldun lehiaketa. Bigarren izan da Ondarreko Eneko Goiburu , eta hirugarren La Lezeko Eli Gorrotxategi

Lekarozeko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiko Julen Arburua gaztagileak irabazi du, beste behin, Ordizia Txapeldun lehiaketa. Atzo jokatu zen Ordiziako plaza nagusian, asteazkeneroko azokarekin batera. 9,14 puntu lortu zituen Arburuaren gaztak, eta 8,5 puntutik gora lortuta, Urrezko Gazta ere jaso zuen. Bigarren aldiz segidan irabazi du, iaz ere berak lortu baitzuen.
Bigarren postua Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk lortu zuen, 8,74 punturekin, eta hirugarren saria, aldiz, Goierriko jatorria duen La Lezeko Eli Gorrotxategik jaso zuen, 8,73 punturekin.
Ordiziako Udalak Idiazabal Gazta Kofradiaren laguntzarekin antolatutako lehiaketa da. Azken 10 urteetan Euskal Jaietako Ordiziako Gazta Txapelketan irabazle izan direnen artean gaztarik onena aukeratzen da. Aurten, 2013 eta 2022 arteko irabazleen txanda izan da. Remiro gaztandegiko Ricardo Remiro Aguirrek, Ondarreko Karmele Muruak, Ipiñaburuko Jon Etxeberriak, Otatzako Joseba Insaustik, Agerre-Buruko Jose Luis Odriozolak, Kortariako Julen Arburuak, Larreako Gaztako Patxi Lopez de Uraldek, Ondarreko Eneko Goiburuk eta La Lezeko Eli Gorrotxategik parte hartu dute sariketan. Ondarrekoek eta Kortariakek bi aldiz irabazi dutenez Euskal Jaietako Ordiziako Gazta Txapelketa azken hamar urteetan, zortzi gaztandegitako hamar gazta aurkeztu ziren.
Arburuak bere gaztaz esan zuen «gazta txukuna» zela, eta «oso pozik» agertu zen emaitzarekin: «Besteek ere ona dute eta puntuen arabera atzetik zein aurretik gera zaitezke». Patxi Perez Elortondo eta Maria Jose Garcia teknikariek, Gorka Rico eta Arantxa Agirrezabala sukaldariek, Aitzol Zugasti eta Eli Belauntzaran kazetariek eta Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak osatu zuten epaimahaia. Giro ederra izan zen lehiaketan.