Emakume esanguratsuen izenekin izarren pasealekua osatu dute Legazpin
Domingo Agirre ikastetxeko ikasleek egin dute, Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat eginez. Udaletxean ere izan dira, eta udal langileei, alkateei eta zinegotziei buruzko datuak ezagutu ahal izan dituzte. Koldobike Olabide Legazpik izan duen bigarren emakumezkoa alkatea da.
Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat egiteko, Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoko 5. mailako ikasleek izarren pasealekua osatu dute emakume esanguratsuen izenekin Euskal Herria plazan. Historian zehar eta gaurko gizartean emakumeek egiten duten lana ikusaraztea da ekintza honen helburua.
Zortzi izar osatu dituzte ikasleek, beste hainbeste emakume aukeratuta. Tartean daude Legazpi bertako Irene Paredes futbolaria, Mari Romero idazlea eta Maria Redondo abeslaria eta aktorea. Izarren zortzikoa osatzeko Marie Curie zientzialaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Edurne Pasaban mendizalea, Anna Frank nazioen sarraskiaren lekukoa eta Frida Kahlo margolaria aukeratu dituzte.
Udaleko datuak
Zortzi izarrak udaletxe sarreran kokatu aurretik, bilera egin dute udalbatza aretoan Koldobike Olabide alkatearekin eta Maite Lonbide gizarte gaietako zinegotziarekin. Bilera horretan, besteak beste, Legazpik izan zuen lehen emakumezko alkatea gogoratu dute. Maria Iciar Arana izan zen, eta 1933an hilabete batzuez bete zuen postu hori.
Haren ondoren gaurko alkateraino ez da emakumezko alkate gehiagorik izan herrian, bai ordea zinegotziak. Hala, Francoren diktadura amaitu eta gero 1979an egin ziren lehen hauteskundeetan alkatea eta 16 zinegotzi aukeratu ziren, eta horietatik hiru emakumezkoak ziren. Bestela, 1987an hasitako legealdian hiru zinegotzi izan ziren, 1991ekoan bi, 1995ekoan bi, 1999koan hiru, 2003koan hiru, 2007koan hiru, 2022koan bost, 2015ekoan lau, eta 2019an sei.
Udal langileen berri ere eman dute bileran: gaur 64 langile ditu, eta 36 emakumezkoak dira, hau da, erdia baino gehiago. Udaleko bi goi postuak gizonezkoek betetzen dituzte, eta dauden 15 teknikarien artean 10 emakumezkoak dira.