EAJk zerrenda parekidea aurkeztu du
Leire Artola da jeltzaleen alkategaia. Taldean "konfiantza, ilusioa eta indarra" duela esan zuen, eta etorkizuneko Beasain "argi" duela
Beasaingo EAJk udal hauteskundeetarako osatu duen zerrenda aurkeztu zuen atzo: Leire Artola, Adur Ugartemendia, Ainhoa Arrese, Mariola Pascual, Edorta Díaz, Elena Ruiz, Michel Ventureira, Olatz Arrese, Aitor Aldasoro, Juan Miguel Aiestaran, Mireia Iurrita, Mikel Plazaola, Diana Paola, Gorka Berasategi, Ana Isabel Aiestaran, Xabier Iraeta eta Encarnacion Arrieta. Zerrenda parekidea dela nabarmendu zuten.
Artolak hartu zuen hitza. EAJk osatutako zerrendak “konfiantza, ilusioa eta indarra” ematen dizkiola esan zuen. Taldearen balioak zerrendatu zituen: “gaztetasuna, gertutasuna, esperientzia…”. “Zertarako? Erabakiak hartzen ditugunean zer erabakitzea kontu bat da. Baina askotan askoz garrantzitsuagoa da nola. Horrek bereizten gaitu. Herria txukun mantentzea eta erabakien erdian pertsona jartzea, inor atzean utzi gabe, Beasain oso bat izan dezagun”, laburbildu zuen.
Legegintzaldiaren balorazioa ere egin zuen. Azken hauteskundeetan emandako hitza betetzeko gai izan direla errepikatu zuen hiru aldiz. “Esan eta egin”. IAT gunearen irekiera, Oria ibaiaren zabaltzea eta Urbiberri gizarte etxea jarri zituen adibide gisa.
Atzeak erakutsi diola aurrea dantzatzen esan zuen, etorkizunera begira jarriz. Zein nolako Beasain nahi duen “argi” daukala zin egin zuen. Industrian jarri zuen gakoa. “Industria gure ongizatearen oinarria da. Ez dugu benetako ongizaterik izango industria indartsu bat ez badugu”, defendatu zuen. Hala, industria “zaindu eta lagundu” egin behar dela esan zuen, eta talentua “mantendu eta erakarri”. “Gure gazteak hezi eta zaharrak zaindu behar ditugu denok pozik bizitzeko”.
Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak Beasaingo EAJren zerrendari babesa adierazi zion. “Lan txukuna egin duzue”, esan zien.
Hautagien iragan politikoa goraipatu zuen. Bide batez, Eusko Alderdi Jeltzalearen ibilbidea hauspotu zuen. Horretarako, 1975. urtera jo zuen: “Franco ohean hil zenean eta sasi demokrazi hori zetorrenean, hautu bat egin genuen. Bide politikoak eta demokratikoak soilik erabiltzearen hautua. Apustu hori egin izana txantxetakoa izan zen? Non zegoen ezker abertzalea? 1982an euskararen legea onartu zenean non zegoen? Ikastolak legalizatzeko 1983. urtean onartu zen legean non zeuden?”. Gazte Koordinadora Sozialistari ere egin zion aipua. “Orain, denak bihurtu dira komunistak derrepentean”.