Zumarragako EAJk hautagaiak eta programa aurkeztu ditu
Zumarragako EAJk udal hauteskundeetako hautagaiak eta programa aurkeztu ditu. Josu Idigoras alkategaiak herria atzean geratzen ari dela uste du eta “ekitera” dei egin du “Zumarraga sendo bat eraikitzeko”.
“Zumarragaren alde lan egiteko ilusioa eta konpromisoa” dira EAJren hautagaitzako kideak maiatzaren 28rako hauteskunde zerrendetan sartzeko urratsa egitera bultzatu dituzten arrazoiak. Josu Idigoras Egia buru duen zerrenda honako bizilagun hauek osatzen dute: Dani Jimenez Alvarez, Rakel Blanco Cobos, Itziar Urzelai Ibarzabal, Ainhoa Peñagarikano Badiola, Jose Carlos Ibarzabal Quesada, Xabier Soraluze Jauregi, Javier Ibarzabal Perez eta Miren Idigoras Bereziartu. Gainera, zerrenda osatzeko, “atzoko eta gaurko Zumarragaren arteko lotura ordezkatzen duten pertsonak” daude: Iñigo Peñagarikano Badiola, Mirenlur Bereziartu Albisua, Jose Luis Ruiz Idigoras, Juanjo Sagarna Zumalakarregi, Marian Elorza Zubiria, Maria Jesus Berasategi Arrizabalaga eta Andoni Ormazabal Amutxategi.
“Lantalde kontrastatua da, hainbat sektoretan esperientzia duten eta Zumarragari ekarpen handia egin diezaioketen pertsonek osatua”, azaldu du Idigorasek. Era berean, estilo berrituarekin gobernatzeko konpromisoa hartu du. “Zumarragak politika zaharra atzean utzi eta pertsonalismoak eta inposizioak ahaztu behar ditu. Herri hau guztion artean egiten dugu. Beraz, gardentasuna, irekitasuna eta parte hartzea izango dira gure kudeaketaren ezaugarriak”, esan du.
Idigorasek nabarmendu duenez, ekonomia, gazteentzako eta bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako enplegu politikak eta gizarte politikak dira bere hauteskunde programaren zutabe nagusiak. “Ekonomiari erabateko lehentasuna eman nahi diogu, enpresak erakarriz, industria berreskuratuz eta kalitatezko enplegua bultzatuz. Ez zaizkigu gustatzen promesa eta hitz handiak, gure konpromisoa lana, lana eta lan gehiago da”, azpimarratu du.
Alkategai jeltzaleak “lana” hitzeman du “Zumarraga gaur egun dagoen geldialditik atera eta berriro leku erakargarri bihurtzeko, edonork bere bizi proiektua garatu ahal izan dezan. Zumarragarrekin elkarlanean, eta herriko eragileei eskua luzatuz, ziur nago lortuko dugula. Zumarraga sendo bat eraiki nahi dugu, etorkizuna izango duen herri bat”, defendatu du. Horretarako, “zalantzarik gabe, EAJ aukerarik onena. Eusko Jaurlaritzan, aldundietan, udal nagusietan… Alde guztietan erakutsi dugu fidagarritasuna eta eraginkortasuna kudeaketan”, gogorarazi du.
Industria politika
Idigorasek azaldu duenez, bere programa bost ardatz nagusitan oinarrituta dago: lehen ardatza “industria berreskuratzea” da, “ekonomia indartsua izatea baita edozein gizarte aurreraturen oinarria”. Idigorasek azaldu duenez, “Zumarraga ia industriarik gabe geratu da gaur egun, eta langabezia datu kezkagarriak ditu”. Horregatik, enpresak erakartzea eta industria berreskuratzea da bere lehentasun nagusia. “EAJk industriaren alde egindako apustua argia eta etengabea izan da”, gogorarazi du.
Horren adibide gisa, Sprilurrek (Eusko Jaurlaritza) ArcelorMittalen instalazio industrial zaharrak (150.000 m²) erosi izana azpimarratu du. “ArcelorMittalen eremua leheneratzea abian dagoen prozesua da, eta arloaren kudeaketa ez da lan erraza izango. Hirigintza eta ingurumen legeriak ez du bidezidorrik onartzen. Gainera, ikuspuntu teknikotik, instalazioek herritarrengandik duten hurbiltasuna eta ingurumenean izan dezaketen eragina kontuan hartu behar dira”, aipatu du.
“EAJk beti defendatu du industria guneak berroneratzea lidergo publikoaren pean. Horregatik, egoki ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez lursailaren jabea, erronka hori bere gain hartzea. Adibide nabarmena da Sprilurrek bultzatutako Z 5.1 A Aceria 1 Zonako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren izapidetzea. Plan horrek eremuaren antolamendu zehatza ezarri nahi du altzairutegi zaharraren orubea berritzeko, sarbideak hobetzeko, Urola ibaiaren zati bat azaleratzeko eta espazio publiko berriak sortzeko. Eta, hain zuzen ere, atal honetan argi eta garbi esan behar da EAJren aldetik ez dugula onartuko herritarren osasuna eta Arcelorren eremuaren garapena hipotekatuko dituen industria kimikorik instalatzea”, gehitu du.
Zumarraga erakargarria
Bigarren ardatza Zumarraga erakargarria eta osasungarria da. Izan ere, Idigorasen ustez, Zumarragak herri erakargarria izateari utzi dio, eta urtez urte biztanleak galtzen dituela gogorarazi du. “Errealitate hori irauli eta gure bizi proiektuak garatzeko leku erakargarria bihurtu behar dugu. Horretarako, gazteentzako eta bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako enplegu politikak ezarriko ditugu, eta zaurgarrienentzat gizarte zerbitzuak bermatuko ditugu, berdintasun, elkartasun eta gardentasun printzipioak aplikatuz, baita kontrol zorrotza ere”, azaldu du. Babes soziala EAJren eredu sozioekonomikoaren bigarren zutabea da, eta justizia sozialari lotutako kontzeptua da. “Zaurgarrienei lagunduko dien eta inor atzean utziko ez duen Zumarraga bat eraiki nahi dugu”, esan du. Gainera, adierazi duenez, Urolako tren zaharraren geltokia erabili eta birgaitzeko aukera aztertuko dute, espazio multifuntzional bat lortzeko. Espazio horretan, besteak beste, eguneko arreta zerbitzua, gazteentzako aisialdia eta adinekoentzako eta gazteentzako programak sar daitezke. “Kirolak berebiziko garrantzia du bizimodu orekatua eta osasungarria izateko. Arcelorren lurrak sortuko lituzkeen espazio publiko horien erabileraren barruan, udalerriari kirol instalazio osoak emateko aukera azter liteke, Zumarragaren beharrak beteko dituen kiroldegi berri batekin. Hori dela eta, parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan herriko kirol instalazioen egoera eta beharrak ezagutzeko”, azpimarratu du. Kirol klubekiko harremanak hobetzeko, hautagai jeltzaleak udal arreta zerbitzu berri bat martxan jartzea proposatu du, hauen behar eta eskaerei hobeto erantzuteko.
Mugikortasun iraunkorra
Hirugarren ardatza mugikortasun iraunkorrarena da: “Mugikortasun orokorraren azterketa egitea eta emaitzak partekatzea”. Alkategaiak gogoratu duenez, “Zumarragak aparkaleku falta larria” jasaten jarraitzen du. “Gaur egun dauden beharrei aurre egiteko beharrezko neurriak hartuko ditugu, guztion artean aldez aurretik adostuko direnak. Ardatz honetan egin daitezkeen ekimenen artean, Adifeko tren geltokiko lurrak berreskuratzea eta garatzea proposatzen dugu, besteak beste, aparkalekuetara bideratzeko”, esan du.
Parte hartzea
Laugarren ardatza herri parte hartzailea lortzea da. “Zumarragan politikak egiteko modu berriak aplikatu nahi ditugu, irekiagoak, parte hartzaileagoak eta gardenagoak, irizpide etikoei eta gobernu onari jarraiki. Iragana atzean utzi eta herritarrei eta gizarte antolatuari ahotsa eman nahi diegu, prozesu parte hartzaileak bultzatuz eta udal jarduera guztietan gardentasuna ezarriz”, azaldu du Idigorasek. Gainera, puntu honetan, Idigorasek konpromisoa hartu du partaidetza prozesu bat abian jartzeko, honako parke hauetan estalkiak jartzeko aukeraren inguruan: trintxeran, Zelai Ariztin, Etxeberrin, goialdean eta Eitzako pilotalekuan. Izan ere, “herritarrei ahotsa ematea da haien beharrak hobeto ezagutzeko eta erantzuteko modurik onena”.
Zumarraga orekatua
Azkenik, bosgarren ardatza udalerri orekatua lortzea izango litzateke. Idigorasen hitzetan, Zumarragako auzo guztiek garrantzi bera izan behar dute, eta udalak auzoen arteko desberdintasunak murrizteko lan egin behar du. “Herritar guztiek udal zerbitzu berberak jasotzeko duten eskubidea bermatuko dugu, edonon bizi direla ere. Horretarako, besteak beste, gune eta auzo horien irisgarritasuna hobetuko dugu, adinekoentzat zein gainerako herritarrentzat”, azaldu du.