Gizon pikuaren zain daude
Arregi okindegiko arduradunen eskutik jaurtiko dute gaur jaien hasierako suziria. Igandera arte luzatuko dira festak. Bihar, Azentzio eguna, festetako egun handia.
Gaur arratsaldean hasiko dira Legorretako Azentzio jaiak. Herritarrak kalera aterako dira, eta 18:30ean, udaletxeko plaza kuadrillen alkandora alaiez jantziko da. Gizon pikua udaletxeko balkoian eserita izango da jada, legorretar guztiekin batera festei hasiera eman eta gozatzen hasteko. Haren ondora aterako dira, balkoira, aurtengo jaiei hasiera ofiziala emateko ardura izango duten pregoilariak, Arregi okindegiko Patxi eta Marivi Goia.
Arregi okindegiak ia mende bat bete du Legorretan. Herriari egindako ekarpena aitortzeko, eurek botako dute gaur suziria. Ardura horren gonbidapena, «pozik» jaso dute. «Legorretar bezala oso eskertuta gaude gurekin akordatu direlako herriko festa nagusien hasierako suziria botatzeko. Legorretar guztiei festa zoriontsuak opa dizkiegu», adierazi dute egun handiaren atarian. Herritarrei hitz batzuk zuzenduko dizkiete lehenik, eta ondoren, suziria piztu eta lehertuko da festa. 18:30ean izango da hori.
Suziria bota ostean, erraldoiak eta buruhandiak izango dira herriko plazan, eta 19:15ean, bertso erronka izango da, Olaso tabernatik abiatuta. Oihana Arana, Odei Lopez, Aitor Sarriegi eta Ane Zuazubiskar arituko dira bertsotan, eta Aizpea Garmendia, berriz, gai-jartzaile lanetan. Txosnara iritsitakoan, gaur ospatzen den LGTBI+ Fobiaren Kontrako Egunaren harira, topa heterodisidentea egingo dute.
Festen lehen egunerako, lagunarteko afaria ere antolatu dute, herriko plazan. Ondoren, kalejira izango da, Elektrotxufla elektrotxarangarekin.
Azentzio eguna
Bihar, osteguna, izango da Azentzio eguna, eta egitarau bete-betea izango da. Izango diren ekitaldi guztien artean nabarmentzekoa, arratsaldean, 18:30etik aurrera herriko plazan egingo duten euskal erromeria. Udaleko eta herriko eragileetako ordezkariek soka dantza egingo dute. Legorretako Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia izango da, eta euskal dantzen erakustaldia egingo dute. Jarraian, trikitia, sagardo dastaketa eta txorizo jatea izango dira.
Gauean berriz, helduen danborradak herriko kaleak zeharkatuko ditu. Bi urtez behin egiten dute. 2020an baina, osasun larrialdiagatik bertan behera geratu zen.
Legorretako festetako ekintzen artean, play back-a ere esanguratsua da, herritarrek eurek parte hartzen dutelako. Ostiralean izango da, 18:00etan, gaztetxoenen txanda izango da, eta 23:30ean hasiko da helduen play back-a. Jarraian, DJ Bullekin dantzaldia izango da.
Larunbata, mozorro eguna izango da. Aurten, librea da gaia. Egun horretarako egitaraua ere, oparoa eta parte hartzailea. 13:00etan txakolin dastaketa izango da, Iraunkorrak txarangak alaituta. Ordu berean hasiko da paella txapelketa. Aurtengoa 39. ekitaldia izango da. Paellak, 14:00etarako prest egon beharko dira. Mozorroen eguna, kalean gozatzeko eguna denez, herri bazkaria egingo dute. Eta gauean, Dupla eta Trikidantz taldeekin kontzertua izango da herriko plazan.
Igandea, azken eguna
Igandean emango diote aurtengo jaiei amaiera. Egitarauari dagokionez, lasaixeagoa, baina bi kultur eta kirol proposamen interesgarriak dakartzana. Bata gaztetxoentzako; 13:00etan, Peru krokodiloa musika ikuskizuna, Kantu Koloreren eskutik, plazan. Bestea, pilota jaialdia izango da, 18:30ean hasita. Pilotari alebin eta benjamin mailako finalak jokatuko dituzte lehenik, eta emakumezko profesionalen partidak izango dira jarraiana. Azken horri dagokionez, Garai eta Capellan, Etxegarai eta Oses-en aurka arituko dira, udal pilotalekuan.
20:30ean berriz, Azentzio jaiei agurra egingo diete, gizon pikuaren ehorzketarekin.
EGITARAUA
GAUR
- 17:00. Pilota txapelketako finala.
- 18:30. Jaiei hasierako suziria.
- 18:45. Erraldoiak eta buruhandiak.
- 19:30. Bertso erronka, Olaso tabernatik abiatuta.
- 21:30. Lagunarteko afaria plazan. Ondoren, Elektrotxufla.
BIHAR. AZENTZIO EGUNA
- 13:00. Erraldoiak eta buruhandiak, dultzaineroak lagunduta.
- 18:15. Euskal erromeria. Udaleko eta herriko eragileetako ordezkarien soka dantza. Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia. Jarraian, trikitia, sagardo dastaketa eta txorizo jatea.
- 20:00. Legorretako Pikukada batukada kaleetan zehar.
- 23:00. Helduen danborrada. Ondoren, Jolelontxos txaranga.
ETZI. OSTIRALA
- 11:30-14:00. Puzgarriak, plazan.
- 12:30. Pote, igel eta toka txapelketa herriko jubilatuen artean.
- 14:00. Herri bazkaria, Kale Nagusian, Iraunkorrak txarangak girotuta. Euria bada, kiroldegian
- 18:00. Haurren play back-a
- 23:30. Helduen play back-a.
- 01:00. DJ Bull.
LARUNBATA. HILAK 20
- 13:00. Txakolin dastaketa, Iraunkorrak txarangak alaituta.
- 13:00. Paella txapelketa.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 23:00-02:00. Kontzertua, Dupla eta Trikidantz, plazan.
IGANDEA. HILAK 21
- 13:00. Haurrentzako Peru kokrodiloa antzerkia, Kantu koloreren eskutik, plazan.
- 18:30. Pilota jaialdia: Alebin eta benjamin mailakoen finalak eta emakumezko profesionalak, udal pilotalekuan.
- 20:30. Gizon Pikua ehorztea.