«Benetan uste dugu Ordizia Orainekin egin dugun bideak onura asko ekarri dizkiola Ordiziari»
Hauteskunde emaitzen "balorazio oso positiboa" egin du Ordiziako EH Bilduk, "historikoa" delako "bi legegintzaldi jarraian kateatzea". Adur Ezenarro jarduneko alkate eta zerrendaburuak "guztiekin adostasunera heltzeko prest" daudela azaldu du.

Zer balorazio egiten duzue udal hauteskunde emaitzen inguruan?
Balorazio oso positiboa egiten dugu, azken finean, guretzat historikoa delako bi legegintzaldi jarraian kateatzea. Ordiziarrek, duela lau urte emandako konfiantza eta babesa berretsi dituzte gugan, eta horrek, are eta ilusio gehiagoz aurrera jarraitzeko indarra ematen digu, gure lanak aitortza jaso duelako. Bide batez, lerro hauek baliatu nahiko genituzke eskerrak emateko, eta guk ere, ordiziarrekiko hartu genuen konpromisoa berresteko. Lanean jarraitzen dugu, ordiziar guztien bizi kalitatea hobetuko duten proiektuak gauzatzeko.
Zer aurreikusten duzue gobernua osatzeko?
Ordiziako EH Bildu beti egon da zabalik akordioak lortzeko, lau urteotan, eta baita orain ere. Kanpainan, eta aurretik, Ordiziak, herri itunak behar dituela adierazi izan dugu, gai estrategikoetan adostasunak bilatu behar ditugula, aurrean ditugun erronka itzelek horrela eskatzen digutelako. Baina ez gara hutsetik abiatzen, azken lau urte hauetan lortu ditugun akordioen esperientziatik abiatzen garelako. Zentzu horretan, benetan uste dugu Ordizia Orainekin egin dugun bideak onura asko ekarri dizkiola Ordiziari, eta hortik abiatuta, prest gaude guztiekin adostasunetara heltzeko. Ados jartzen garenean, Ordiziak irabazten duelako.