Loak, musikari beteranoz betetako talde hasi berria
Herriko musikariei egingo die tokia gaur Uztakale programak. Loak taldeak aurkezpen ofiziala egingo du, Nafarroa kalean Oñatiko Mila Modu taldearekin emango duen kontzertuan.
Legazpiko bost musikari beteranoz osatutako talde hasiberria da Loak. Jose Llamazares gitarra jotzailea, Edu Gil gitarra jotzailea eta ahotsa, Asier Diez baxu jotzailea, Txutxin Calvo saxo jotzailea eta Joxe Arizkorreta bateria jotzailea dira taldekideak, eta gaur aurkezpen ofiziala egingo dute Nafarroa kalean, Oñatiko Mila Modu taldearekin batera.
Karibe Zaharra tabernaren ondoko plazatxoa izango da agertokia, eta ordua, 19:00ak. Kontzertuan, taldearen lehen diskoa izango denaren abestiak aurkeztuko dituzte.
Abestiak, sare sozialetan
Ibilbide luzeko musikariak dira gehienak. Llamazares eta Gil Insanos taldean ibilitakoak dira, Calvo Taudete eta beste hainbat taldetan jotakoa da eta bandako kidea da, eta Arizkorreta gitarra jotzen aritua da urte askoan. Diez lehen aldiz ari da musika talde batean.
Proiektu berri honetarako abiapuntua Llamazaresek, Gilek eta Arizkorretak jarri zuten, Doinua musika eskolan 2021-22 ikasturtean, han zebiltzalako ikasten, eta konbo taldeetan ari zirelako, bertsioak egiten. Halako batean, Subeltzan ere hasi ziren entseatzen, eta abesti propioak sortzeari ekin zioten. Hasierako hiru haiei Iñaki Azpi-
likueta elkartu zitzaien baxuarekin, eta hark taldea utzi eta gero, Diez sartu zen. Laukoteari Calvo gehitu zitzaion duela hilabete gutxi batzuk.
Taldearen izena hiru proposamenen artean egindako zozketaren emaitza da. Esannahi berezirik ez duela diote taldekideek. Musika estiloa, berriz, pop-rock da, gogorra batzuetan. Euskaraz abesten dute, eta abestietako letrek amodio-desamodioa, kritika soziala, egunerokoaren kontakizunak, entzuleari eskaintza… tematika desberdina lantzen dute.
Abesti batzuk prest dituzte dagoeneko, eta estudioan grabatuta ere bai, lau. Beste hiru eginda daude, estudiora eramateko zain. Grabazioak sare sozialetan zabaltzeko asmoa dute, eta baliteke euskarri fisikoan edo CD batean ere argitaratzea.
Behelaino artean, Gerraren bezero eta Iluntasunaren argia dagoeneko entzungai eta ikusgai daude YouTuben. Gaur hiru abesti horiek, gehi sortuta dituzten beste lauak zuzenean entzuteko aukera izango da.
Sortzen jarraitzeko asmoz
Loak taldearen estreinaldi ofiziala da gaur, baina udal hauteskundeen atarian EH Bilduren aurkezpenean ere jo zuten, Malen Urbegainen ahotsaz lagunduta. Bertsio bat eta taldearen abesti propio bat jo zuten, eta gustura geratu ziren emaitzarekin. Ilintiren Dendak Kalera festan ere jotzekoak ziren, baina eguraldiagatik bertan behera geratu zen kontzertu hura.
Gaurtik aurrera etorriko dira emanaldi gehiago, baina abesti gehiagoren sormen prozesuan zentratu nahi dute, eta helburu nagusiak elkartzea, elkarrekin jotzea eta ondo pasatzea dira. Hala ere, publikoaren aurrean jotzen jarraitzeko prest daude.