Zorua berritzen ari dira Bikuña kiroldegiko kantxan, 25 urte eta gero
Mondo Iberica S.A.U. enpresa ari da lanak egiten, ia 62.000 euroko aurrekontuarekin. Lanak amaitzear daude, joko eremuak margotu eta gero. Zoruaren kolorea, kantxa erabiltzen duten kirol elkarteekin batera hautatuta da.
Joan den asteko astelehenean, hilaren 10ean hasita Bikuña kiroldegiko kantxan zorua berritzeko egiten ari diren lanak amaitzear dira. Atzo bertan, joko eremuen markaketa lanekin hasita zeuden.
Mondo Iberica S.A.U. enpresa ari da lanak egiten, eta aurrekontua 61.604,72 eurokoa da. Obrak bi astetan egiteko aurreikuspena zegoen, eta dena ondo bidean, ostiralean amaituko dituzte.
Kantxa zaharrak, 25 urteko iraupena
Duela 25 urte jarri zuten kantxaren zorua kiroldegian, eta orain arte iraun duen arren, aldatzeko eta berria jartzeko premia zuen. Legazpiko Udalak maiatzaren 22an hasi zuen berritze lan horietarako esleipen prozesua, eta lehiaketara aurkeztu ziren zazpi enpresetatik, Mondo Ibericari esleitu zion kontratua pasa den ekainaren 23an. Enpresa honek berak jarri zuen aurreko zorua ere kantxan, duela 25 urte.
Zoruaren kolorearen hautaketa kantxa erabiltzen duten Andraitz saskibaloi eta La Salle eskubaloi klubekin batera egin du udalak.
Aste honetan Eric Galvez alkatea eta kirol arloaren ardura duen Josu Galilea zinegotzia izan dira lanak ikusten.