Ez ohiko feria, ez ohiko egunean
Asteazkena Santa Ana eguna denez, astelehenera aurreratu dute Ordiziako feria. Saltzaile gutxi izan dira, eta izan direnek «feria galdutzat» jo dute. Produktu eskaintza ere urria izan da.
Ordiziako ferian ohi baino saltzaile gutxiago izan da gaur, eta eremua ere berrantolatu egin behar izan dute. 
Edurne Jauregi, kardu lorearekin.
Plaza Nagusiak oso bestelako itxura izan du gaur. Oholtza handia erdi-erdian, eta haren bueltan feriara joandako saltzaile bakanak. Astelehenez egin da aurten uztaileko azkeneko feria, etzi Santa Ana eguna denez azoka eguna bi egun aurreratuta. Eta ez ohikoa izan denez eguna, ez ohikoa suertatu da feria ezinbestean. Zuhaiztia ere hutsik, eta arropa saltzaile gutxi batzuk Gudarien Etorbidean.
Gutxitan aldatu ohi da asteazkeneko feria eguna Ordizian, jai eguna egokitzen denean soilik. Saltzaileek beraiek ez dute gustukoa izaten egun aldaketa, beste herriren batean konpromisoa izan ohi dutelako eta nahiago izaten dutelako hango bezeroei arreta eman –Beasainen, besteak beste–. Beste saltzaile batzuk, berriz, oporretan daude dagoeneko. Eta Ordiziara joaten direnek «feria galdua» deritzote asteazkenez kanpokoari, jende gutxi ibili ohi delako. Festen hasiera eguna zenez, eguerdirako utzi behar izaten dituzte postuak.
Eskaintzaz ere, urri
Idiazabalgo Abel Goiburu, Zeraingo Iñaki Intxausti Mendarte, Lazkaoko Agapitoren haztegikoak, Ibarrako Montes haztegikoak, Uliako labekoak, Altzagako Arantxa Lopetegi, Itsasoko Mari Jesus Oria, Gabiria-Mutiloako Anttoni eta Juanita Murgiondo ahizpak, Azkoitiko Jesus Mari Uzin tomate saltzailea, Aramako Arantxa Zurutuza, Patxi Arizmendi eta Miren Jauregi, eta Baliarraingo Edurne Jauregi.

Zizahoriak, gaurko feriako zizahori bakarrak.
Horiek gaur Ordizian izan diren ekoizleak. Eta garaian garaiko eskaintza, berriz, honakoa: lekak –aire librekoak eta mota askotakoak–; tomatea, gehiena berotegikoa baina kanpokoa ere hasita dago; kuiatxoak, zuriak eta berdeak; luzokerrak; letxugak; zerbak; ziazerbak… Neguko barazki batzuk ere badira oraindik salgai, azak eta brokoliak, besteak beste.
Hiru kilo zizahori
Lasa eta Barcina perretxiko saltzaileak Ordizian izan ez direnez, eskaintza mikologikoa ere urria izan da ferian. Altzagako Arantxa Lopetegik eramandako hiru kilo zizahori (kiloa 20 euroan) izan dira ferian salgai jarritako perretxiko bakarrak.













