Tiroketa bat izan da Lazkaoko kalean
Gizonezko batek eskopetekin tiroka ekin dio gaur goizeko zortzien aurretxoan, Lazkaoko elkarte baten eta etxebizitza baten kontra. Antza denez, eztabaida izan duen kide baten bila ibili da, haren aurka jotzeko asmotan.

Tiro hotsekin esnatu dira gaur, larunbata, Lazkaoko bizilagunak. Goizeko zortziak jotzeko minutu batzuk falta zirela, hainbat tiro bota ditu gizonezko batek, kalean. Udaletxearen aldamenean dagoen Esparru elkartearen atearen aurka aritu da tiroka. Gutxienez hemezortzi kartutxo-zorro geratu dira lurrean, eta elkartearen atea posta-zuloz josita utzi du. Elkartearen barruan bi lagun zeuden, garbiketa lanetan ari zirenak une horretan; ez dute zauri fisikorik jasan.
Gizonezko bat izan da tiroketaren egilea, lekukoen arabera. Bi arma eskuetan hartuta –eskopetak ziruditen–, korrika alde egin du Maizpide euskaltegi aldera, Zelaitik barrena. Ordurako kalean zeuden herritar batzuk, erosketak egiten batzuk, tiro hotsekin alarmatuta irtendakoak beste batzuk. Ertzaintzaren bi patruila une horretantxe iritsi dira Zelaira, eta apaizetxearen aurreraino sartu dira. Tiroen egilearen atzetik joan dira ertzainak.
Tiroketaren egilea atxilotu egin du Ertzaintzak; Lazkaoko 51 urteko gizonezko bat da. Atxilotu aurretik, ordea, eta Esparru elkartean tiroka aritu ondoren, Iturgaitzaga kaleko etxebizitza batera joan da, eta han ere eskopetekin tiroak bota ditu. Antza denez, gaua elkartean berekin batera igaro duen beste kide baten bila ibili da, eztabaida baten ondoren haren aurka egiteko asmotan. Ez du aurkitu ez leku batean, ez bestean, eta kalte handiagorik egin aurretik atxilotu dute.

Lazkaoko Esparru elkartearen ataria, tiroketaren aztarnekin, gertatu eta minutu gutxira./Aimar Maiz

Atea kaltetuta geratu da./Aimar Maiz