Beasainek gogoan ditu frankistek duela 88 urte hildako herritarrak
1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean faxistek fusilatutako 35ak, 1942ra arte eraildako beste 16ak eta gerraren ondorioz hildako laurak omendu dituzte. Ikerketa-adar bat sakondu dute herritik bidali zituzten emakumeen errepresioaren inguruan.
Beasaingo 1936ko gau odoltsuko intziriak suma litezke oraindik. Uztailaren 27tik 28rako gauean, duela 88 urte, 35 lagun erail zituzten tropa frankistek, fusilatuta edo hotz-hotzean, herria hartu eta ordu gutxira. Gaur gogoratu eta oroitu dituzte, Igartzako jauregian izan den ekitaldian. Lore eta kandela eskaintza, ohi bezala, oroimen monumentuan egin dituzte.
“Sarraskia” izan zela deitoratu dute antolatzaileek. Arbaso bat Beasainen hil zioten Urbinako (Araba) Josu Ormaetxeak bertso batean salatu du altxamendua ez, baizik estatu kolpe bat izan zela 1936ko uztailaren 18an hasitakoa.
Eskualdeko herri nagusietakoa eta industrialena zen neurrian, errepresio bortitza jasan zuen Beasainek, gerra hasiera hartan. Nafarroatik sartu ziren militar oste frankistek uztailaren 27an 16:00etan hartu zuten Beasaingo kalea eta herrigune gehiena, jabe eginez. Pablo Cayuela teniente koronela zetorren buru, eta CAF lantegia hartzea –funtzio militarretako ekoizpenerako– eta izua zabaltzea zituzten bandera. Biharamunean desegin zuen hauteskundeetan herritarrek aukeratutako udalbatza. Uztailaren 29an, Alberto Ruiz Morriones komandanteak ezarri zuen beren esanetara egongo zen udal aginte berria.
Ordu gutxira hasi ziren “jazarpenak, hilketak, torturak, atxiloketak, erasoak, lapurretak eta koakzioak”. Bolumenagatik eta hedaduragatik handiena, uztailaren 27tkik 28rako gauean. Adin, ideologia, jatorri eta motibazio desberdinetako 35 lagun erail zituzten militar errebeldeek.
Gerrak iraun bitartean eta ondorengo errepresio-urteetan jarraitu zuen. Herrian eraildako 35ez gain, 1942ra arte beste 42 hil zituztela zenbatu dute Beasainen egindako ikerketa historikoek. Epaiketarik gabe 11, epaiketa militarretan heriotza emanda 5, eta gerraren ondorioz beste lau. Horiez gain, Eusko Gudarosteak gudari edo miliziano ibilitako eta Errepublikaren alde borrokan zebiltzan beste 32 beasaindar hil ziren gerran; Francoren alderdian, berriz, beste 30 beasaindarrek galdu zuten bizia. Kartzelatuak 300 baino gehiago izan ziren; heriotza zigorra jaso zuten batzuek. Langile Bataloietan gatibu modura lan behartuetan ibili ziren beste asko.
Gaurko ekitaldian, banan-banan errezitatu dituzte hildako guztien izen-abizenak, Xabier Sarasolak jotako piano doinuekin. Hildako haiei eta beren familiartekoei “errespetua eta miresmena” adierazi dizkiete antolatzaileek. Biztanleen artean, ilea moztuta eta errizino olioa harrarazita kalean erabili zituzten emakumeak, alderdi irabazlekoek okupatutako galtzaileen etxebizitzak, isunak, euskara debekatu izana eta transmisioan etena, gosea, estraperloa eta beste zenbait gabezia eta ondoeza izan zirela ere oroitu dute.
Herritik kanporatutako emakumeak
Orain arte askorik sakondu gabeko ikerketa-adar baten berri ere eman dute gaur. Beasaingo Talde Feministaren izenean, Haizea Zurutuzak hizpidera atera du emakume ugari kanporatu zituztela herritik, asko haur txikiekin. Galtzaileetakoak ziren noski, senarrak hil zizkieten alargunak asko eta asko.
Informazio hori osatzen ari direla azaldu du Zurutuzak. 1937ko otsailaren 23an, Bilbon argitaratzen zuten Euzkadi egunkarian aurkitu dute kanporatutako emakume beasaindarren zerrenda. 30 heldu bidali zituzten herritik frankistek (28 emakume eta bi gizonezko), eta 34 haur haiekin. Eibarko sektorera joan ziren lehenbizi –artean gudarien esku–, eta Bilbora handik.
Izen-abizen hauetxek eman ditu:
- Teresa Ortiz de Zarate, bi umerekin.
- Rosario Sanchez.
- Alejandra Garcia Alvarez.
- Nici Cotor Garcia.
- Zoilo Rico Pascual.
- Dolores Mendizabal, hiru umerekin.
- Aquilina Deba.
- Dolores Bergara.
- Isidora Mateos, seme batekin.
- Josefa Barber, seme batekin.
- Purificacion Barber, seme batekin.
- Dolores de Belasko, lau umerekin.
- Maria Martin, seme batekin.
- Sabina Criado.
- Luisa San Miguel.
- Ascension del Valle.
- Teresa Negueruela.
- Maria Laka Aranburu, bi umerekin.
- Angeles Hernandez, seme batekin.
- Segunda Txintxurreta, hiru umerekin.
- Rosario Buenariego.
- Maritxu Buenariego, seme batekin.
- Manuela Txintxurreta, bi umerekin.
- Lucia Arriola, bi umerekin.
- Prudencia Lozano, bi umerekin.
- Agripina Polo, lau umerekin.
- Felisa Hernandez Marcos, seme batekin.
- Rosalia Bernardo, seme batekin.
- Catalina Elortza, bi umerekin.
- Ventura Etxebarria.
Bertsoak ikur
Ekitaldian, Iñaki Apalategi bertsolariak duela bi urte jarritako hiru bertso abestu ditu Andoni Sarriegik, pianoan Xabier Sarasolak lagunduta. Iazko ekitaldian ere abestu zituzten, eta gaur berriro, ekitaldiaren ezaugarri bihurtzen ari diren seinale.
Urte gogorra joan zen mendeko
hogeita hamaseigarrena,
militar batzuk Afrika aldean
altxatu ziren aurrena,
egun batean penintsulara
hedatu ziren hurrena,
ondoren hona Nafarroatik
sartu zen olde txarrena,
Eitzagarate, Otsaurte eta
Lizarrustitik barrena.
Matias-ene pare hau ere
ze lekuko beldurgarri!
hogeita hamabost pertsona hilda
bihurtu zuten hilarri;
beste hamasei herritar ere
gero lurraren ongarri,
Udalerria gobernatzeko
nahi zituztenak ezarri,
mundutik kendu zituzten baina
denon memorian jarri.
Errelatoak beti ohi dira
historiaren orrazi,
baina lurpetik maiz egiten da
oroimen eske garrasi.
Gorriak maite ez zituztenek
gorriak ikusarazi,
hain zuzen ere ankerkeri hau
nahi dugu gogorarazi,
denborak beti ezin baititu
sentipenak iragazi.
Lanbro beldurrez barruan egin den saioaren ondoren, oroimen monumenturaino joan eta han osatu dute omanaldia. Araitz Goikoetxea dantzariak Agurra dantzatu du, Xabier Sarasolak txistua jota. Herritarrek, partaideek eta ekitaldira joan direnek loreak eta kandelak utzi dituzte gero, duela 88 urteko erailketa basatia jasan zutenen omenez.