INFORMAZIO PRAKTIKOA. Zirkulazioan eta aparkalekuetan eragina izango du Itzuliak
Mandubiatik iritsiko da gaur 15:40ean, eta Beasainen bukatuko da 17:15 aldera. Trafikoan mozketak eragingo ditu probak hainbat herritan.

Astelehenean Gasteizen egindako banakako erlojupeko batekin hasi zen Euskal Herriko Itzulia, eta Iruñea eta Lodosa arteko bigarren etapa igaro ondoren, gaur bertan iritsiko da Goierrira. Beasainek hirugarren etaparen bukaera eta laugarrenaren hasiera hartuko ditu, baina gainontzeko zenbait herritatik ere igaroko da: Ormaiztegi, Segura, Beasain, Ordizia, Gaintza, Zaldibia, Legorreta, Itsasondo eta Lazkaomendi, esaterako. Hori dela eta azken egunotan hitzordu horretarako prestatzen aritu da Goierri; trafikoan eragozpenak zein mozketak eta aparkalekuen lekualdatzeak ekarriko ditu.
Beasain-Ordizia-Zaldibia-Gaintza
Zarautz-Beasain arteko hirugarren etapak 156,30 kilometro izango ditu, eta 87 kilometroan Goierrin sartuko da Mandubiatik. Beasainen esprint berezi bat jokatu ondoren, Ordizia aldera egingo du. Urdaneta kalea igoko dute, kontrako noranzkoan, Ordizia kaletik Garagartzaraino igo, Euskal Herria kaletik jaitsi, eta Barretxetik behera Gudarien Etorbidetik Zaldibiarantz abiatzeko. Ibilbidea moztuta egongo da 16:30etik aurrera (16:30erako bukatzea aurreikusten da), eta irtenbide alternatiboak ahalbidetuko badira ere, Urdaneta kaleko mozketan ez da ibilgailurik mugitzeko aukerarik izango. Egunean zehar, Udaltzaingoak ibilbidean dauden aparkalekuetako ibilgailuak mugiaraziko dituzte.
Zaldibiatik bi aldiz igaroko dira. Aurreneko biran, Ordizia aldetik datozela, Zubi ondoko bidegurutzean Gaintzarako noranzkoa hartuko dute, eta baserri bide horretatik igoko dira txirrindulariak Gaintzara (%20ko pendiza). Larraitz aldera egingo dute gero, eta Abaltzisketa eta Amezketa igaro ondoren, Alegian izango da bigarren esprint berezia. Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo, Arama eta Ordizia zeharkatuta, Zaldibiarantz joko dute berriz.
Lazkaomendi-Beasain
Bigarren biran, Ordizia aldeko saihesbidetik Zaldibiara datorrela, Arreseneko autobus geltoki pareko bidegurutzean Lazkaomendirako bidea hartuko du Biandako aldapa igoz (%18ko pendiza). Horrenbestez, aipaturiko guneetan, 16:00ak eta 18:00ak artean, trafiko mozketak izango direla adierazi du Zaldibiako Udalak, eta «herritarren lankidetza eta ulermena» eskatu du: «Ekitaldiak eragindako eragozpenak gutxitzeko, garaje pribatuak erabiltzea eta joan-etorriak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dizuegu».
Lasterketa Lazkaomenditik jaitsiko da Lazkaoko saihesbideko errotondara (GI-2120 errepidea) eta Beasaingo bidea hartuko du hor, bertan helmugara iristeko. Hori dela eta, Lazkaoko Udalak adierazi du ibilgailuentzako Beasaingo eta Ordiziako irteera errepide hori 16:30 aldera moztuko dela, eta beraz, Lazkaotik ibilgailuekin sartu edo irteteko Olaberriko bidea erabili beharko dela. Era berean, azpimarratu du Lazkaomendiko jaitsieran ezingo direla ibilgailuak aparkatu errepidean.
Etapa amaiera Beasainen
Nafarroa Etorbidean amaituko da hirugarren etapa, eta 15:15ak eta 18:00ak artean herrigunean trafikoa etetea eragingo du. Gainera, Bernedoeneako, Gernika pasealekuko eta Erauskin Plazako aparkalekuak lasterketaren logistikarako erreserbatuta egongo dira. Hortaz, egun horietan, ibilgailua ahalik eta gutxien erabiltzeko gomendioa egin du Beasaingo udaltzainburuak, eta «garaje pribatuak erabiltzea eta joan-etorriak aldez aurretik planifikatzea» eskatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere adierazi du AP-636 errepidea Ormaiztegin itxita egongo dela 15:30 eta 16:00 artean.
Horrez gain, Beasaingo Udalak atzo adierazi du TAO zerbitzua etenda egongo dela apirilaren 9an egun osoz eta apirilaren 10ean goizez.
Era berean, Gure Esku ekimenak Erauskin plaza ikurrinez betetzeko deialdi berezia egin du Itzulia Beasainen helmugaratzen denerako: «Itzuliak zeharkatuko dituen errepide bazterrak bete ditzagun gure ikurrez. Elkartu gaitezen eta zabal ditzagun ikurrinak etapa amaieretan». Jakinarazi dutenez, etapa bakoitzean makildun ikurrin banaketa eta material salmenta puntuak egongo dira.
Beasain-Markina Xemein
Bihar ekingo diote laugarren etapari, eta Beasaindik abiatuko da. Eguerdiko 12:15 eta 13:30 artean berriz ere zirkulazioa moztuko dute herrian. Zumarraga aldera egingo du gero, Legazpitik pasa eta Udanatik Debagoienan sartuko da. 168,6 kilometro izango ditu laugarren etapa horrek, eta zazpi mendate igo beharko dituzte. Zentzu horretan, Legazpiko Udalak ere egunean bertan egongo diren trafiko mozketen berri eman du: «GI-2630 errepidea guztiz itxiko da 12:20etatik 14:00ak arte. Bitarte horretan, ibilgailuak ezingo dira Legazpitik irten eta sartu. Debekuan ez da salbuespenik egongo, eta larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzaintzak hartuko du dagokion erabakia». Gipuzkoako Foru Aldundiak ere azaldu du Ormaiztegi eta Zumarraga arteko AP-636 errepidea itxita egongo dela eguerdiko 12:45etik 13:20ra bitarte.