Bizi Auzoak egitasmoarekin, haur eta gaztetxoentzako eskaintza
Ordizian Bizi Auzoak egitasmo berria jarriko dute martxan igandean. Auzoetara zabalduko du udalak haur eta gaztetxoentzako kultur eta aisi eskaintza.

Ordizian Bizi Auzoak egitasmo berria jarriko dute martxan igandean. Auzoetara zabalduko du udalak haur eta gaztetxoentzako kultur eta aisi eskaintza. Izan ere, Ainhoa Jimenez berdintasun eta hezkuntza zinegotziaren esanetan, “Ordizia hiri hezitzailea da eta badira zenbait urte haurren begiradatik hazi eta hezteko lanketa abiatu zela”. Era horretan, haur, gazte eta nerabeei begirako eskaintza “osatu eta aberasteko lanean ari gara eta bide horretatik, udalak Bizi Auzoak programa aurkeztu du gaur”.
Haur Txokoa badute Ordizian txikienentzat eta Gaztelekua ere bai nerabeentzat. “Baina bazegoen adin tarte bat, LH3 eta LH6 artekoa, pixka bat kolokan gelditzen zitzaiguna”, gaineratu du Jimenezek. Hortik sortu zen adin tarte honetako “haurren beharrei erantzun bat eman eta ziklo hau sortzeko asmoa”.
Beste helburu bat ere badu Bizi Auzoak egitasmoak: udaberriarekin batera ekintzak aire librean eta auzoetan egitea.
Egitaraua
Lehenengo Bizi Auzoak egitasmorako lau ekintza finkatu dituzte. Igande arratsaldeetan izango dira.
- Maiatzak 4: Buztuntza auzoan, Urdaneta ikastetxeko frontoian, 17:30ean, Potx eta Lotx pailazoak. LH4 arte.
- Maiatzak 11: Otegienean, 17:30ean, Yoga familian. LH1etik 6ra.
- Maiatzak 18: Erdigunean, Barrenako parkean, Ekojolasak: HHtik LH6ra 11:30-13:30/ 16:30-18:30.
- Ekainak 1: Altamiran, parkean, 16:30etik 19:30era, Zirku tailerra. Aurrez izena eman beharko da. LH1etik 6ra.