Ekaitzak Ehunmilakeko ibilbidea baldintzatu dezake
Euskalmeten arabera, arratsaldeko 16:00etarako ekaitza sartuko da Goierrin. Arriskuak ekiditeko, bigarren ibilbide bat balizatu dute antolakuntzako kideek. Eguerdian jakinaraziko dute azken erabakia.

Ehunmilak ultra traileko lasterkariak abiatu berritan, Euskalmetek iragarritakoaren arabera arratsaldeko 16:00etarako aurreikusita dagoen ekaitzak Ehunmilak ultra trail proba baldintzatu lezakeela adierazi du Andoni Zubeldia antolakuntzako kideak. Ordu horretarako korrikalariak Larraitz inguruan izango dira, Aralarrera sartzeko, eta izan daitezkeen arriskuak ekiditeko, “bigarren ibilbide bat” balizatu dutela azaldu du. Gaur eguerdiko 14:00ak aldera jakinaraziko dute antolakuntzaren azken erabakia.
Hala izatekotan, korrikalariak ez lirateke Txindoki eta Aralarko gainetara igoko, eta inguruko gain baxuagoetan zehar arituko lirateke: Larraitzetik Gazteluko lepora igo, bertatik G2Ha igarotzen den bidera jaitsi, beherantz jarraitu eta Oiduira igota. Orduan, bide originalarekin topo egin, Lareora jaitsi eta handik Lizarrustira joango lirateke, hasierako ibilbidea berrartuta. Goierriko 2 Handien kasuan, berriz, “nahiko lasai” daude antolakuntzako kideak, iluntzeko zazpiretan aterako direlako, “ekaitza behin pasatakoan”.
Zubeldiak dioenez, bigarren ibilbideak lasterketa azkartuko luke: “Ibilbidea motzagoa izateaz gain, azkarragoa izango da, goraino igotzeak dakarren denbora murriztuta. Izan ere, ez dira puntaraino igoko; inguratu egingo dituzte”.
Erabakia aldatzekotan, Zubeldiak nabarmendu du korrikalariei ere Aralarrera iritsi baino lehen jakinaraziko zaiela: “Ahal dela behintzat, une oro momentuko egoera zein den jakinaraziko zaie”.