Aralar zaintzeko konpromisoan, urratsa
Azken aldian Aralarren egindako jarduketen berri eman du Enirio-Aralar Mankomunitateak. Lanek artzaintza tradizionala, naturaren babesa eta mendiko erabilera jasangarria uztartzen dute.
Zenbait herritar zaborra menditik helikopteroz jaisteko prestatzen. Enirio-Aralar Enirio-Aralar Mankomunitateak azken hilabeteetan hainbat jarduera eta hobekuntza lan egin ditu Aralarko larreetan, artzain txabolak egokitzeko, mendiko azpiegiturak sendotzeko eta ingurumenaren kontserbazioan aurrera egiteko asmoz. Egindako lanek artzaintza tradizionala, naturaren babesa eta mendiko erabilera jasangarria uztartzea dute helburu. Mankomunitateak jakinarazi du lankidetza instituzionala eta tokiko eragileen parte-hartzea «funtsezkoak» izan direla jarduketa hauek guztiak gauzatu ahal izateko.
LANDAKETAK
Martxoan, Eusko Jaurlaritzako Natur Ondareko laguntzak, Aralarko Natur Parkeko zuzendaritzaren laguntza eta Arizmendi negutegiko arduradunen aholkularitza baliatuta, 400 zuhaitz autoktono landatu ziren Oidui eta Errenaga inguruan. Gorostiak, astigarrak eta bestelako espezie autoktonoak jarri dituzte biodibertsitatea berreskuratzeko.
Gainera, uda honetan ere landaketekin segiko dute: Salingain parajean bi hektareako itxitura berria egingo dute lurzoruaren higadura gutxitzeko eta ganaduaren amiltze arriskuak saihesteko. Ganaduak erabiltzen dituen asken inguruan ere egonkortze eta txukunketa lanak egingo dira.
ARRITZAGA
Arritzagako paraje malkartsuan 0,2 hektareako (2.000 metro koadro) itxitura eraiki du Mankomunitateak, Buruntzuzin Mendi Elkartearekin, Amezketako Udalarekin eta Amezketako eskolarekin lankidetzan.
Ekimenaren barruan, Amezketako eskolako 6. mailako ikasleek urtero zuhaitz bana landatzen dute. Itxiturak ardiak pasatzeko aukera ematen du, baina ganadu larria mugatzen du, landaketak babesteko.

ARTZAIN TXABOLAK
Azken hilabeteetan hainbat txabolatan konponketa eta modernizazio lanak egin dituzte, saneamenduari, ur-berokuntzari, argindarrari eta ekipamenduari dagozkionak.
Intrzentsao III txabolan, esaterako fosa septiko berria eta hoditeria berritu dituzte. Beltzulegi, Elutseta Goikoa, Pagabe I, Txutxuta eta Kobaurre txaboletan, berriz, ur-berokuntzako instalakuntza berriak jarri dira. Argindar azpiegituretan hobekuntzak egin dira Kobaurre eta Doniturrieta Azpikoa I gaztandegian, eta Goroskintxuko txabolan, azkenik, ekonomika berria instalatu da.
Bederatzi txaboletan, denera, ardi eskortak konpontzeko 630 hesola eta beste 329 fondillo ere banatu dira. Txabola horien artean daude, besteak beste, Orabiel, Goroskintxu, Esnaurreta I eta II, Intzentsao II eta III, Donituerrieta azpikoa I eta II eta Doniturrieta Garakoa I.

BELARDI HABITATAK
Oidui eta Esnaurreta inguruan 60 hektareatan xehaketa lanak egin dira ote eremu jarraituak eten eta mosaiko itxurako paisaia anitzagoa sustatzeko. Hori gutxi ez, eta ganaduaren bidez belardiak mantentzeko estrategia ere garatu dela jakinarazi du mankomunitateak: gatzarriak eta ur asken kokapena erabiliz, ganaduaren kerentziak sortu eta belardiak egoera onean mantendu dituzte.

UR AZPIEGITURAK
Igaratzako ur biltegia bertako askarekin konektatu da erreserba sistema gisa jardun dezan. Bestalde, Pagabe inguruan hiru aska berri instalatzeko lehen lanak abiatu dira. Horrez gain, mendiko hainbat puntutan ur-kaptazio berriak egin dira, iturriak garbitu dira eta lehortearen ondorioak arintzeko mantentze-lanak indartu dira.

AUZOLANAK
Mankomunitateak eta boluntarioek hainbat auzolan egin dituzte azken hilabeteetan: Arritzagako bidea egokitu eta oinezkoentzako zubiak berritzea, Malloetako itxituraren hondakinak pilatzea ondoren helikopteroz jaitsi ahal izateko, Zotaleta inguruan ur-kaptazio berriak egitea; txabola inguruetako zabor bilketak, Napar iturriko presaren garbiketa; ganaduaren asken eta mendizaleentzako iturrien mantentze-lanak, eta lehortearen ondorioak arintzeko ur azpiegituren mantentze-lanak, besteak beste.
Azken egunotan, hain justu, mankomunitateak helikoptero bat kontratatu du zenbait material irisgarritasun gabeko guneetara garraiatzeko. Astelehen eta astearte osoan zehar aritu dira materialak garraiatzen, eta zehazki, aurrerantzean ere Aralarren egingo dituzten zenbait lanetarako beharrezko materiala garraiatu dute. Lan horien artean egingo dituzte txabolen konponketak, argindar instalazioaren berritzea, zenbait lan itxituretan, ur aska berriak kokatzea eta eskortak konpontzea. Irisgarritasunik gabeko lekuetara materiala eramateaz gain, itzulerako hegaldietan txabola inguruetan eta mendi magaletan pilatutako zaborra jaisteko ere baliatu da, horrela mendiko garbitasuna eta kontserbazioa hobetzeko.













