Auzolanean mendiko bideak berreskuratzen ari dira Ataunen
Jentilbaratzakoa eta Artzatekoa berreskuratu dituzte oraingoz. Udan Arastortzeko eta Ergoienatik Aiako bideak berreskuratuko dituzte.
Jentilbaratzako bidea.Ataungo Udala Mendiko bideak berreskuratzen ari dira auzolanean Ataunen. Oraingoz, Jentilbaratzako eta Artzateko ibilbideak berreskuratu dituzte. Uda honetan beste bi berreskuratuko dituzte, Arastortzekoa eta Ergoienatik Aiarakoa.
Herritarren «proposamena» izan zela, eta Ataungo Udalari «egokia» iruditu zitzaiola adierazi du Ion Fontela Ataungo Ingurumen, Nekazaritza eta Abeltzaintza zinegotziak eta mendizaleak. Fontenlak, «mendietako zinegotzia» dela esaten duela dio. Izan ere, udaletik «garbi» zeukaten ibilbide sare «egonkor» bat sortu nahi zutela: «Sare horretan agertzen diren bideak garbi mantenduko ditugu herritarrentzat».
Gaineratu du lan guztia «auzolanean» egin dutela. Udalean «urtean behin» bide horiek garbitzeko aurrekontua ere «onartu» dutela azaldu du Fontelak. Ibilbide sarearen «mapa bat» aterako dutela gaineratu du. Mapa horrek balioko du jendeak hor agertuko diren ibilbideak «garbirik eta joateko moduan» daudela jakiteko.
Lan horiek aurrera eramateko «auzolana» azpimarratzen du etengabe Fontelak, Ataunen urtaro bakoitzeko «auzolan saio» bat egiten dutela azaldu dugu. Auzolana egokitzen zaienean bi taldetan banatzen dituzte normalean lanak: «Herrikoetan eta mendikoetan». Hala ere, azken saioan zinegotziak azaldu du «denak» Artzateko meategiko lanak amaitzera joan zirela jende gutxi joan zelako.
Berreskuratutako bideak
Jentilbaratzako gaztelurako ibilbidea izan da berreskuratu duten azkena. Fontelak gaztelua «balio handiko ondarea» dela berretsi du: «Erdi Aroko gaztelu bat da, eta bertaraino bide txukun bat behar zen». Izan ere, orain arte Jentilbaratzara joateko bidea «itsusia» zela adierazi du.
Ibilbidea Troskaeta taberna ondotik «Paxkualiturritik» abiatzen da, eta 4 kilometroko joan-etorria da. Mendizaleak dio ibilbide «teknikoa» dela eta mendian ibiltzen «ohituta» egon behar dela ibilbide horretara joateko. Amildegi batzuk dauden zatietako hormetan «sokak» jarri dituztela azaldu du Fontenlak, Lizarrustiko paseoan leku batzuetan «kateak» dauden bezala: «Arrisku apur bat badu ere, soka horiekin ongi pasa daiteke, gainera ondo seinalizatu dugu».
Artzateko ibilbideak, berriz, aro modernoko meategi batera eramaten zaituela dio Fontelak: «Badaude dokumentu interesgarri batzuk azaltzen dutena bertara presoak ekartzen zituztela lanera». Ibilbide hori Arrondoko iturri ondotik abiatzen da. Jentilbaratzakoa baino «errazagoa» dela baieztatu du Ingurumen zinegotziak. Ibilbide hori «interesgarria» dela dio, duela «200 urteko meategia» bisitatzen delako: «Hormetan jarraitzen dute meatzaileek gora eta behera ibiltzeko erabiltzen zituzten langetak».












