Diasporako gazteek Ordiziako Azoka bisitatu dute
Alkatearen ongi etorria jaso bezain pronto, Ordiziako Azokara bisita egin dute. Bertako produktuak erosi dituzte eta bazkaria prestatu dute gero, Ane Otegi sukaldariarekin.
'Gaztemunduri Ateak Ireki' programan parte hartu duten gazteak. Ordiziako Udala Euskal diasporako gazteentzat ohitura bihurtu da Goierrira etortzen diren bakoitzean Ordiziako Azoka bisitatzea. Izan ere, programaren helburu nagusia da diasporako gazteei Euskal Herria, bere hizkuntza, kultura eta sustraiak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzea, eta gaurko bisita helburu horren barruan kokatzen da.
Eguna Ordiziako udaletxean hasi dute. Bertan, Adur Ezenarro alkateak egin die harrera, eta baserriaren, tokiko ekoizleen eta asteazkeneko azokaren balioa nabarmendu du. Era berean, euskarak udalerriaren eta Goierri eskualdearen nortasunean duen garrantzia azpimarratu du.
Ondoren, Ordiziako Azoka bisitatu dute, eta bertan bazkarirako osagaiak erosi dituzte. Erosketa dinamika baten bidez egin dute, Maizpide euskaltegian jasotako euskara saioetan ikasitakoa praktikan jartzeko helburuarekin. Horretarako, talde bakoitzak euskaraz eskatu eta erosi ditu bazkaria prestatzeko beharrezko produktuak. Amaitzeko, Ane Otegi sukaldariaren gidaritzapean, talde txikietan prestatu dute bazkaria.
Gazteen saretzea
Aurtengo edizioan 50 gaztek parte hartu dute; horietatik 22 gazte — 21 estatubatuar eta kanadar bat— Goierrin ari dira hiru asteko egonaldia egiten. Ander Elordui programaren koordinatzailearen esanetan, aurtengo esperientzia «berezia bezain aberasgarria» izaten ari da. Izan ere, lehen aldiz, programa bi eskualdetan garatzen ari da aldi berean. Goierriko taldearekin batera, beste 28 gazte —Argentinatik, Australiatik eta Uruguaitik etorritakoak— Busturialdean ari dira egonaldiaz gozatzen.
«Esperientzia ohi baino aberasgarriagoa izaten ari da bost herrialdetako euskal diasporako gazteak ekarri ditugulako, eta astean gutxienez bitan elkarrekin jarduerak partekatzen dituztelako», azaldu du Elorduik. Programak gazteen artean sortzen duen harreman sarea «oso baliotsua» dela ere gaineratu du: «Diasporako gazteez gain, Euskal Herriko gazteek ere ekintzetan parte hartzen dute, eta horrek programa aberasten du».
Agur festa, Seguran
Parte-hartzaileek oraindik aste eta erdiko egonaldia dute aurretik. Bihar, Goierriko eta Busturialdeko taldeek elkarrekin bisitatuko dute Donostiako Basque Culinary Center-a, eta gastronomiari lotutako prestakuntza saio bat jasoko dute. Ostiralean, berriz, goizean euskara eskolak izango dituzte Maizpiden, eta arratsaldean Barandiaran Museoa bisitatuko dute. Asteburua, berriz, harrera-familiekin igaroko dute.
Programari amaiera emateko, uztailaren 18an Goierriko gazteek agur festa egingo dute Seguran. Udaletxeko ordezkarien harrera, herri bazkaria eta erromeria izango dira, parte-hartzaileek eta harrera-familiek elkarrekin ospatu eta agurtzeko.












