Idiazabalgo gazte bat adarkatuta gaur, sanferminetako entzierroan
Aurtengo San Fermin jaietako lehendabiziko adarkatua da idiazabaldarra.
Gazte bat entzierroko une batean lurrean etzanda, gaur goizean. Javier Bergasa Sanferminetako bigarren entzierroak hiru zauritu eragin ditu gaur goizean, Iruñean. Zaurituetako bat L.B.G. 23 urteko gazte idiazabaldarra da, aurtengo jaietako lehenengo adarkatua. Sandra Parra Gurutze Gorriko bozeramaileak entzierroa amaitu berritan eman ditu gertatutakoaren azalpenak. Telefonica hegoaldeko tartean izan du ezbeharra idiazabaldarrak, zezen batek eskuineko besoan adarra sartu dionean. Adarkada sakona izan dela baieztatu dute osasun zerbitzuetako arduradunek ezbeharra gertatu den unean, eta segituan eraman dute Nafarroako Ospitale Unibertsitariora.
Hasiera batean, adarkada larriagoa izan zitekeela aurreratu duten arren, Nafarroako Ospitaleko kudeatzaileak, Estrella Petrinak geroago baieztatu du “sastada arina” izan dela. Momentuz, gazte idiazabaldarrak ospitalean jarraitzen du.
Iruñeako jai nagusietako bigarren entzierro honetan Cadizko (Espainia) Cebada Gago ganadutegiko zezenak izan dira protagonista. 2:26ko denbora behar izan dute zezen plazara heltzeko. Taldeak batera eta abiada handian egin du gaur goizean oso jendetsua izan den entzierroa.












