Irailaren 13an ospatuko dute Beasaingo Adinekoen Eguna
Irailaren 7tik 9ra bitartean, berriz, jokoak antolatu dituzte 65 urtetik gorakoentzat. Izen-emateak irailean dira.
Adinekoen eguneko adinduenari omenaldiko irudia, 2023an.Hitza Urbiberri Gizarte Zentroak antolatuta, Beasaingo Adinekoen Eguna ospatuko dute irailaren 13an, igandea. Mezarekin hasiko dute ospakizun eguna, 12:00etan, eta 13:30ean bazkaria izango da plazapean.
Bazkalondoren, 16:00etatik aurrera, mahai jokoetan eta mugimendu jokoetan parte hartu duten pertsonentzako sarien banaketa egingo dute. Joko horiek irailaren 7tik 9ra bitartean egingo dituzte: irailaren 7an, astelehena, mus, seiak eta eskoba; irailaren 8an, asteartea, tute, briska eta xake; eta irailaren 9an, asteazkena, toka, igel eta bote.
Adinekoen egunarekin jarraitzeko, 16:30ean bi pertsona adinduenei omenaldia egingo zaie ohi bezala, eta 17:00etan dantzaldia izango da zuzeneko musikarekin. 19:00etan amaituko da.
Irailaren 7tik 9ra egingo diren jokoetan parte hartu nahi dutenek –65 urtetik gorakoentzat dira– irailaren 1etik 4ra egin beharko dute izen-ematea Urbiberri zentroko bulegoan, 17:00etatik 19:00etara.
Irailaren 13ko bazkarirako izen-ematea, berriz, irailaren 1etik 9ra izango da, Urbiberri zentroan 17:00etatik 19:00etara. 65 urtetik gorako pertsonek eta beren ezkonkideek eman dezakete izena, NANa aurkeztuta. Tiketak 6 euro balio du. Bazkarirako gehienez 300 lagunentzako tiketak daude.












