«Oinarria errespetua da, hortik eraikiko dugu futbola»
Patricia Alonsok hartu du Jose Inazio Lasaren testigua. Kirol ingurune seguru eta osasungarria lortzeko urratsak egitea izango da presidente berriaren helburuetako bat.
Patricia Alonso Beasaingo Igartza zelaian.Laida Goiburu Jose Inazio Lasak denboraldi honen amaieran presidentetza utzi ondoren, Patricia Alonso (Gasteiz, 1974) izango da Goierri Gorri Futbol Klubeko lehendakaria 2026/2027 denboraldian. Gasteiztarra jaiotzez, 20 urtetik gora daramatza Beasainen bizitzen. Azkeneko hiru denboraldietan klubeko idazkaria izan da.
Zergatik sartu zinen klubean?
Nekane Mujikak –zuzendaritzatik atera berri da– esan zidan boluntarioak behar zituztela laguntzeko. Jokalari baten ama naiz, eta horrela hasi nintzen.
Idazkari bezala zer lan egin duzu?
Diru laguntzak eskatu, gurasoekin hitz egin, mediku azterketak koordinatu, Joko OK protokoloko dokumentazioaz arduratu, jokalarien fitxetaz arduratu, biltegia txukundu…
Hurrengo denboraldian lehendakari izango zara. Printzipioz, 4 urterako da?
Ez du zertan, aldaketak egin daitezke urtetik urtera. Kontua da zuzendaritza osorik aldatzen baduzu publiko egin behar dela hautagaitza bat aurkezteko, baina aldaketa bat edo bi egiten badituzu zuzendaritzako egiturari eutsita, nahieran egin dezakezu.
Aldaketa egiteko denboraldi hasieratik ibili zarete lanean?
Hiru denboraldietan Josinari laguntzen egon naiz, berarekin joan naiz bileretara eta bestelako lan batzuetara. Bere lana niri erakusten egon da 3 urteotan, eta lan batzuk hartzen joan naiz. Denboraldi hasieran esan zigun zuzendaritzakooi testigua pasatu nahi zuela.
Jarraipena emango diozue aurrekoari?
Bai. Hurrengo denboraldian erritmoa hartu beharko dugu zuzendaritzakook, eta egindako lana egiten jarraitu.
Lanketa zehatzik baduzue buruan?
Errespetuaren gaiak asko mugitzen gaitu. Horri garrantzi handiagoa ematea izango da asmoetako bat. Geroz eta errespetu falta handiagoak ikusten ditugu zelaietan, eta horretan jarri nahi dugu arreta, jendea kontzientziatu. Nire ustez iparra galtzen ari gara. Alebinetan, futbol eskolan… neskek jolastu egin behar dute, eta ondo pasatu. Ez da onargarria guraso batzuen jarrera zelaietan. Niretzat oinarria errespetua da, eta hortik eraikiko dugu futbola. Futbolak errespeturik gabe ez dit balio.
Zelai bat lortzea ere bada helburuetako bat, ezta?
Borroka bat da. Niretzat helburu nagusia izango litzateke. Jokalariek duten sentimendua da klub ezberdinetakoak direla, ez dago klubarekiko pertenentzia sentimendu hori. Batzuk Ordizian daude, beste batzuk Beasainen… Sentimendu hori lortzeko garrantzitsua da denak leku berean egotea. Baina zaila da. Federazioak murrizketa batzuk egin ditu eta horrek eragin handia izango du.
«[Klub] Sentimendu hori lortzeko garrantzitsua da denak leku berean egotea»
Sasoi onean dago Goierri Gorri?
Indartsu dago. Jokalari kopuru aldetik, uzten dutenen kopurua eta hasten direnena parekatua da. Urtero 50-60 bat neskak ematen dute izena. Halere, pena ematen digu Batxilergora iristen direnean utzi ohi dutelako, USaPeko azterketa aro horren bueltan. Guretzat ez dira bateraezinak ikasketak eta kirola, baina nesketan hori gertatu ohi da, mutiletan ez da horrenbeste gertatzen.
Zer erronka dituzue?
Lehen taldeko neskak, Ohorezko Erregionaleko seniorrak, Euskal Ligara igotzea. Erronkarik handiena hori litzateke. Eta gainontzeko taldeetan, txapeldun fasera sailkatzea.
Klubeko bigarren lehendakaria izango zara, lehen emakumea. Garrantzitsua da jokalariez gain beste kargu batzuetan ere emakumeek presentzia hartzea?
Garrantzitsua da, bai. Eta zuzendaritzatik harago, entrenatzaileak ere neskak izatea. 37 pertsonak osatzen dute orokorrean klubeko alderdi teknikoa, entrenatzaile, delegatu… 11 emakume eta 26 gizonek. Ea proportzioa orekatzen dugun. Garrantzitsua da neskek ikus dezaten ahal dela, eta erreferentziak izan ditzaten entrenatzaile izan nahiko balute.
Testigua jaso duzu Jose Inazio Lasarengandik. Zer espero duzu aurrerantzean?
Josinaren lana nabarmendu nahiko nuke. 10 urte egon da dena ematen, eta miresmen absolutua dut berekiko. Oso errespetutsua eta oso langilea da. Bere alabak aspaldi utzi zuen kluba eta hor jarraitu du, klubaren alde izugarri borrokatu du. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot. Berak egindakoaren mailan egoten ahaleginduko gara.












