«Herriaren alde lana egiten duen orok merezi du aitortza»
Urko Ruiz de Apodaka hautatu dute herritarrek aurtengo Santa Ana jaietako laugarren pregoilari gisa.
Urko Ruiz de Apodaka kultur eragile ordiziarra, 2024ko urriko argazki batean. Mikel Albisu Ordiziarrock eta beste hainbat herri ekimenetan urte luzez egindako lanaren aitortza gisa hautatu dute herritarrek.
Udaletxeko balkoian hasiko dituzu aurten Santa Ana jaiak.
Oso modu berezian jaso dut albistea, eta sorpresa handia izan da. Ez nuen susmorik ere; inoiz ez dut planteatu txupina botatzea, nire ustez nik baino gehiago merezi duen jende asko dago herrian. Ezusteko handia izan da.
Beste hiru hautagairen artean izan zara bozkatuena.
Denak ere herrian oso inplikatutakoak. Bakoitzak bere moduan egiten du lan, batzuk era ikusgarriagoan agian, baina herriaren alde lana egiten duen orok merezi du aitortza bat. Azkenean, norberak bere denbora inbertitzen du herriaren aldeko lanean: batzuk kirolean, eta besteek kulturan, auzoko jaietan edota gai sozialetan.
Azari, Boxing eta Txindoki elkarteetako kideekin batera botako duzu txupina.
Sekulako ohorea da. Pentsa, elkarte batek 100 urte bete ditu, besteak 75 eta hirugarrenak 50. Horrek asko esaten du. Azkenean, maratoi bat da; lasterketa motzak edozeinek egin ditzake, eta herrigintzan ere, edozeinek sortu dezake ekimen bat, baina zailena denboran irautea da, alegia, behin hasitakoari eustea.
«Hautatua izan nintzela jakin nuenean berehala etorri zitzaidan burura zein ildori heldu nahi nion; banekien mezuak nondik jo behar zuen»
Guk, esaterako, Ordiziarrock 1999an sortu genuen, eta urte hauetan guztietan gorabehera askori aurre egin behar izan diegu. Beraz, 100 urte daramatzan elkarte batek zenbat egoera bizi izan dituen pentsatzea besterik ez dago. Hor jarraitzeak balio handia du, eta harro egoteko modukoa da.
Ordiziarrock ekimenaz gain, hala ere, saltsa gehiagotan ere aritzen zara.
Urte asko daramatzat Ordiziarrock-en lanean, eta, zalantzarik gabe, parte hartu dudan proiekturik handiena izan da; denbora gehien eskaini diodana.
Baina horrez gain, beste elkarte askorekin ere aritu izan naiz lanean. Askotan laguntza eskatu izan didate, bai herriko eragileek edota inguruko beste elkarte batzuek ere: kirol taldeek, kultura elkarteek, jubilatuek… beraz, oinarria Ordiziarrock izan daitekeen arren, egia da hortik haragoko harreman sare oso zabala dagoela.
Prestatu al duzu ostiralerako zerbait berezirik?
Bai, prestatu dut zerbait. Hautatua izan nintzela jakin nuenean berehala etorri zitzaidan burura zein ildori heldu nahi nion; banekien mezuak nondik jo behar zuen. Ondoren, noski, gauzak gehitzen eta kentzen joan naiz. Eskertu baino, nik uste txupina alderantzizkoa dela. Eskertzeko da.












