«Gora Ordiziako jaiak, gau eta egun egin euskaraz eta gozatu!»
Ordiziako jaietako txupinazoa Urko Ruiz de Apodakak, eta Azari, Txindoki eta Boxing elkarteetako kideek bota dute. Aurretik, San Jose egoitzan bertako egoiliarrek bota dute jaien hasierako suziria.
Urko Ruiz de Apodaka suziria pizten, pregoia irakurri ondoren.Loinaz Agirre. Hasi dira Ordiziako jaiak, ohi bezala, bi txupinazorekin. San Jose egoitzakoa izan da lehenengoa, 11:30ean. Adur Ezenarro alkateak, gainera udal ordezkari gehienak ondoan zituela, COVIDak hildakoei lore eskaintza egin diete, egoitzaren atarian jarri dagoen eskulturan. Ondoren, Benita Aparicio eta Tomasi Etxaniz egoiliarren ardura izan da jaien hasierako suziria botatzea. Burrunbazale txarangaren momentua izan da jarraian, Ordiziarrak gera abestia joz. Kantatu eta dantzatzera ere animatu dira udal ordezkarik, eta egoitzako egoiliarrak eta langileak.
Ordu erdi beranduagoa, 12:00etan, Plaza Nagusia jendez betea zela, Santa Ana jaietako txupinazo nagusia bota dute. Herritarrek bozka bidez aukeratutako Urko Ruiz de Apodakak hartu du hitza lehendabizi:
“Gora Isidro Benitez eta Eskerrik asko egiten dezun guztia gatik.
Gora San Jose egoitzako langileak, animo eta besarkada haundi bat, segi borrokan.
Gora Su Gorri. Eskerrik asko 60 urte hauetan egin dezuten lana gatik.
Eta gora norbanako zein, kirol, kultur eta eragile sozial guztiei, herri obe eta justu baten alde egiten duzuen lan izugarria gatik.
Herrigintzak izugarrizko esfortzu eta lana dakar eta denon artean lan hau arintzeko, ezin bestekoa da denon partaidetza. Beraz lagundu, parte hartu eta gozatu, helburua politte bait da, baino bidea zoragarria izan daiteke guztikok bere aletxoa eta inplikazioa jartzen badugu.
Ilusioa eta jarrera onarekin edozer lortu dezakegu.
Gaur niri tokatu zait, baino ziur nago aurrez aipatutako askok merezi dezutela hemen egotea, beraz Txupin hau zue guztiongatik da.
Urte asko pasa dira, herrigintzan hasi nintzela eta eskerrak eman nahi nizkieke bide lagun izan ditudan lagun guztiei eta bereziki etxeko 3 sorginei, beraiekin sufritu eta gozatu ditugulako egindako lan asko (beraiek sufritu gehiago gozatu baino…), beraz Eskerrik asko Alaine, Haizea eta Maialen.
Ez nituzke ahaztu nahi ere gurean egon beharko luketen eta ez dauden guztiak ere eta bereziki zu aita, badakit oso harro egongo zinela hontaz. Agian Erramunekin batera zaudete hau ikusten, hori bai zeruan bazaudete, egin alde batera bazpare txupinak ez jotzeko.
Bukatzeko txalo zaparrada bat eskatu nahiko nizueke, nire ondoan dagoen persona langile eta beti laguntzeko prest dagoen bati. Alberto, Eskerrik asko.
Gora Ordiziko jaiak, gau eta egun egin euskaraz eta gozatu!”.
Lehenengo suziria Ruiz de Apodakak piztu eta jarraian etorri dira, aurten urteurren borobilak bete dituzten Azeri (100), Txindoki (50) eta Boxing (75) elkarteko kideen gainerako hiru suiziriak.
Eta lehertu da festa Ordizian, Burrunbazale txarangaren musikarekin eta ordiziarren dantza eta kantuekin.
Alberro gogoan
Txupinazoaren ondoren, hil berria den Bernardo Alberro gogoan izan dute udal ordezkariek udaletxean. Egun hauetan hainbestetan entzun eta kantatuko den Ordiziarrak Gera abestiaren egilea da Alberro. Alkateak oroigarria eman die Alberroren sendiartekoei.
Uztailaren 27ra arte, etenik gabeko festa giroa izango dute ordiziarrek, eta bertaratzen diren guztiek.












