35 urte bertsoak paperean idazten
Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatutako Lazkao Txiki 35. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia igandean egingo dute Barrena kultur etxean. Lehiaketako irabazle zein saritu guztiak izango dira han; tartean, Ekaitz Goikoetxea, Iraitz Sarasola eta Lexuri Bastida goierritarrak.
Lehiaketaren lehen irabazleak eta sarituak Lazkao Txiki erdian dutela, 1992. urtean. Goierriko Bertso Eskola Duela 35 urte sortu zen Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa, bertsolaritzaren eta euskararen aldeko apustu gisa. Ordutik hona dozenaka bertsolarik hartu dute parte Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatutako ekimenean, eta urtez urte, idatzizko bertsolaritzaren erreferente bihurtu da. Aurtengo edizioaren irabazleak ezagunak diren arren, sari banaketa, etzi, irailaren 6an egingo dute Ordiziako Barrena jauregian. Aurten, gainera, hitzorduak esanahi berezia izango du: irailaren 15ean 100 urte beteko dira Joxe Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki jaio zenetik.
Argi Berri elkartearen helburuen artean beti egon dira euskararen erabilera eta bertsozaletasuna sustatzea, eta bertsopaper lehiaketa horren adierazgarri dela uste du Aitor Aguado Garmendia antolatzaileak. Ekimena 1992an abiatu zen, Lazkao Txiki artean bizirik zela. Joxe Mari Barandiaran izan zen bultzatzaile nagusienetako bat, beste eskualde batzuetan halako lehiaketak bazirela ikusita.
Izenarekin zalantza izan zuten, baina Mikel Mendizabalen esanari jarraituz, Lazkao Txiki izenarekin bataiatu zuten lehiaketa. Lazkaomendiko bertsolariak baldintza bakarra jarri zien antolatzaileei, politikarik ez nahasteko lehiaketarekin. Hartara, aldeak ados jarri, eta hitzarmena sinatu zuten 1992ko martxoan elkarteko orduko presidente Manolo Gorospek eta Lazkao Txikik berak.
Garai berrietara egokitzen
Hiru hamarkada eta erdi igaro dira ordutik, baina lehiaketak bere izaerari eutsi diola nabarmendu du. «Aldaketak egon dira antolakuntzan eta lehiaketaren egituran, baina urtero mantentzen den xarma berezi bat badago: sari banaketan irabazleekin elkartzea eta sortzen den giroa». Horrez gain, Ordiziatik harago ere eragina duen topagunea da. Urtero Euskal Herriko hainbat txokotatik jasotzen dituzte lanak.
Urteotan hainbat aldaketa egin dituzte lehiaketak bizirik jarrai dezan, horietako batzuk antolakuntzari lotuak. Urte luzez Aitor Calvillok gidatu izan du antolakuntza, baina erreleboa iritsi zenean Argi Berriko bertso lan taldea sortu zuten. Sei lagun inguruk osatzen dute, eta bakoitzak bere ardura du. «Pixkanaka elkartzen gara lanak partekatzeko eta antolakuntza aurrera eramateko», azaldu du Aguadok.
Bestelako aldaketak parte hartzea sustatzeko egin dituzte. Azken edizio honetan, esaterako, izena emateko epea luzatu dute, bertso eskoletara eta ikastetxeetara hobeto iristeko. Gainera, berrikuntza gisa, maila guztietan eskualdeko lan onenaren saria sortu dute. Helburua argia da: parte hartzea handitzea. Emaitzak, ordea, ez dira espero bezain onak izan. «Aurrerantzean beste buelta bat eman beharko diogu, bereziki gazteen parte hartzea sustatzeko».
Gazteak erakartzea
Lehiaketaren erronka nagusietako bat belaunaldi berrien parte hartzea da. Gaur egun hiru kategoriatan banatzen da lehiaketa: 13 urtera arteko gaztetxoena, 14 eta 18 urte arteko gazteena eta helduena. Gaztetxoen mailan parte hartzaile kopurua egonkor mantentzen dela dio Aguadok, baina gazteen kategoriak kezka handiagoa sortzen die. «14 eta 18 urte arteko gazteengana iristea da gehien kostatzen zaiguna. Ez bakarrik bertsolaritzan; gizarteko beste esparru askotan ere adin tarte horretako gazteak erakartzea gero eta zailagoa da».
«Garai berrietara egokitzen jarraitu beharko dugu, baina urtero lehiaketa antolatzen jarraitzea da gure asmoa»
Aitor Aguado. Argi Berri elkarteko bertso lantaldea
Aguadoren ustez, egoera horretan badu eraginik lehiaketaren izaerak berak ere. Azken urteotan bat-bateko bertsolaritzak indar handia hartu du, eta idatzizko bertsolaritzak ikusgarritasun txikiagoa du. «Jendeari zuzeneko bertsolaritza gehiago gustatzen zaiola esaten da, eta gurea idatzizko lehiaketa denez, agian horrek ere eragiten du parte hartzeko orduan».
Maila sendoa
Parte hartzeari dagokionez, antolatzaileak pozik daude aurtengo datuekin. Azken bi urteekin alderatuta lan gehiago jaso dituzte, eta epaimahaiaren balorazioa ere positiboa izan da. «Maila mantendu dela esan dute epaileek. Beti daude lan batzuk beste batzuk baino hobeak, baina oro har kalitatea egokia dela nabarmendu dute».
Goierritarren artean, Ekaitz Goikoetxea beasaindarra saritu dute helduen mailan, eta eskualdeko lan onenaren saria ere berak jasoko du. Iraitz Sarasola ordiziarraren bertso sortek, berriz, epaimahaiaren aipamena jaso dute. Gaztetxoenen artean, berriz, Altzagako Lexuri Bastidaren lanak eskualdeko lan onenaren saria jasoko du.
Ohiko formatua mantenduta egingo dute sari banaketa ekitaldia aurten ere: saridunek beren bertsoak kantatuko dituzte, Lazkao Txikiren senideak bertan izango dira eta ekitaldia elkartean egingo duten hamaiketakoarekin bukatuko dute. Bertan jarriko dituzte salgai, gainera, aurtengo liburuxkak; mendeurrenaren harira prestatutako edukia aurkeztuko duten arren, Lazkao Txiki irailaren 11ko ekitaldian omenduko dute.
Etorkizunerako erronkak
35 urteko ibilbidearen ostean, Argi Berri elkarteak argi dauka zein den etorkizuneko erronka nagusia: lehiaketa bizirik mantentzea, parte hartzea handitzea eta belaunaldi berriei lekua egitea. «Ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi dugu, baina bereziki gazteengana. Horrez gain, antolakuntzan eta epaimahaian ere belaunaldi erreleboa beharrezkoa izango da. Garai berrietara egokitzen jarraitu beharko dugu, baina urtero lehiaketa antolatzen jarraitzea da gure asmoa».

Lazkao Txikiren jaiotzaren mendeurrena, Lazkaon eta Ordizian
Irailaren 15en 100 urte beteko dira Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki jaio zenetik, eta efemeride horrek presentzia sendoa izango du Goierrin. Hain zuzen, asteburu hori eta aurreko egunak baliatuko dituzte Ordizian eta Lazkaon bertsolari handia gogoratzeko. Xabier Amurizaren Lazkao-Txiki bat bateko sorgina omenaldi-kantaldi berezia antolatu dute bi herrietan: Lazkaon, gaur, ostirala, 19:00etan, Areria kulturgunean, eta Ordizian, berriz, datorren irailaren 11n, 19:00etan, D’elikatuzen.
Horrez gain, Ordizian bertan, Argi Berri elkarteko kideek bost urtean behin egin ohi duten liburuxka kaleratuko dute. Bertsopaper lehiaketako azken edizioetako lan sarituak biltzen dituen liburuxka da, eta horrez gain, mendeurrena baliatuta, Iñaki Murua gabiriarrak Lazkao Txikiri eskainitako hitzak ere jasoko dituzte argitalpenean.













