Lurraldebuseko zerbitzua hobetu du aldundiak Gaintzan
Irailaren 7tik aurrera bi zerbitzu berri eskainiko ditu GO23E eskaripeko linean.
Gaintzako udal kudeaketa batzordeko eta guraso taldeko ordezkariak Azahara Dominguez diputatuarekin, gaur. Gipuzkoako Foru Aldundia Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua hobetuko du Gaintzan, GO23E linea (Gaintza-Zaldibia-Ordizia, eskaripekoa) zabalduz. Irailaren 7tik aurrera bi zerbitzu berri eskainiko ditu.
Hala jakinarazi du Azahara Dominguez diputatuak, Gaintza guraso taldearekin eta udaleko kudeaketa batzordeko ordezkariekin bildu ondoren. Bilera horretan azaldu die datorren astelehenetik aurrera aipatutako lineak Ordiziatik bi irteera berri izango dituela astelehenetik ostiralera, zehazki 14:40ean eta 20:45ean. Horrela, herriko bizilagunek helarazitako beharrari irtenbidea emango diete; izan ere, Gaintzako herritarrek zerbitzu gehiago eskatu zituzten, institutuetatik, bai eta herriko gazte gehienek Ordizian egiten dituzten eskolaz kanpoko jardueretatik eta kirol-entrenamenduetatik ere, etxera modu errazagoan itzuli ahal izateko.
“Garraio publikoko zerbitzu ona izatea funtsezkoa da gure herri txikienen etorkizuna bermatzeko, bertan bizi direnek beren bizitza-proiektua garatu ahal izan dezaten”
Azahara Dominguez. Mugikortasun diputatua
“Garraio publikoko zerbitzu ona izatea funtsezkoa da gure herri txikienen etorkizuna bermatzeko, bertan bizi direnek beren bizitza-proiektua garatu ahal izan dezaten, zerbitzu faltagatik edo mugitzeko alternatibarik ezagatik herri handiagoetan bilatu behar izan gabe”, nabarmendu du Dominguezek. Haren ustez, garraio publikoaren aldeko apustua egitea “ezinbestekoa” da. “Pertsona bakar batek ere, non bizi den gorabehera, ibilgailu pribatua erosteko beharrik izan ez dezan edo hirugarren pertsonen mende egon behar izan ez dezan hezkuntza, lana, osasuna edo aisialdia eta kultura bezalako hainbat eskubidetara iritsi ahal izateko”.
Diputatuak eskerrak eman dizkie Gaintzako bizilagunei garraio publikoa hobetzeko erakutsitako inplikazioagatik, eta nabarmendu du administrazioaren eta herritarren arteko “harreman arinak” izateak sortzen diren beharrei azkar eta eraginkortasunez erantzutea errazten duela. “Garraio publikoa pertsona askoren eguneroko bizitzaren funtsezko parte da, batez ere gazteena; haien autonomia, neurri handi batean, zerbitzu on bat izatearen araberakoa da. Horregatik, gure lurraldeko mugikortasun-behar aldakorretara egokitzeko gai izan behar dugu. Hobekuntza hau adibide ona da erakusteko herritarrekin elkarrizketan eta lankidetzan aritzeak gero eta erabilgarriagoa, irisgarriagoa eta Gipuzkoako errealitatera egokituagoa den garraio publikoko zerbitzua eraikitzen jarraitzen laguntzen digula”.
“Autobus publikoa izateak gurasoei ere askatasun hori ematen die, eta gazteek Ordiziara jaisteko aukera dute, beren ekintzak egin eta gero autobusez itzuli”
Uxue Irastorza. Gaintzako udal kudeaketa batzordeko presidentea
Bestalde, Gaintza gobernatzen duen gestoraren presidente Uxue Irastorzak, honakoa adierazi du: “Herri txikietan oso garrantzitsua da zerbitzu publiko hau izatea. Azken finean, umeak jaitsi eta igotzeko garraio publikoa izateak askatasun bat ematen die. Guk hemen beti behar dugu guraso bat, kotxea duena, Ordiziara edo beste toki batera jaisteko. Autobus publikoa izateak gurasoei ere askatasun hori ematen die, eta gazteek Ordiziara jaisteko aukera dute, beren ekintzak egin eta gero autobusez itzuli, gurasoekiko menpekotasun hori izan beharrik gabe. Guretzat oso abantaila handia da”.













