Mutiloarrak Liernin, Andra Mari egunez
Igandeko herri bazkarian 80 bat lagun elkartuko dira Liernin jarriko duten karpan.
Urtero legez, mutiloarrek Liernin ospatuko dute Andra Mari eguna. Eguna irailaren 8an da izatez, eta egun horretan meza izango den arren, ospakizun nagusiak igandera aurreratu dituzte. Urteroko egitaraua antolatu dute, goizetik arratsaldera arteko ekintzaz betea.
Ohi bezala, Lierniko txirrindulari probak irekiko du eguna, aurten bere 45. edizioan. Lierniko Txirrindulari Elkartea dabil antolaketa lanetan eta beti bezala bi zati izango ditu: errepideko lasterketa eta erlojupeko igoera. Gipuzkoako txirrindulari eskoletako gazteen mailako txirrindulariek hartuko dute parte. Liernin hasi eta amaituko da errepideko zatia, 60 kilometroko ibilbidea osatuta. Errepidekoan lehenengo sailkatu diren 40 txirrindularik erlojupekoak jokatuko dute gero: Seguran hasi eta Liernin amaitzeko.
Aizkolariak arratsaldean
Gainerakoan, Naiara Manzisidor eta Lanberrik girotuko dute eguerdi partea eta herri bazkarian 80 bat lagun elkartuko direla aurreratu dui Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak. Urteroko herri kirol saioaren ordez, aizkolarien erakustaldia izango da arratsaldean. Josu Ibarguren, Lakiola (Legazpi); Haritz Goena (Lazkaomendi); Unai Etxeberria, Osinalde (Ezkio) eta Joanes Izagirre, Ipiña (Urretxu) arituko dira aizkoran eta erromeriarekin amaituko dute eguna.














