Oiangu pilota elkarteak hasi du ikasturte berria
Abuztu bukaeran Iruñean ospatu zen Pilotaldia ekimenean hasi dute denboraldi berria. Ordezkaritza zabala izan du Goierrik eta emaitza onak lortu dituzte.
Oiangu pilota elkarteak abuztu amaieran eman zion hasiera 2026-2027 denboraldi berriari, Iruñean ospatu zen Pilotaldia 12, 14 eta 16 urtez azpiko gaztetxoentzako munduko pala ekimenean. Goierritarren ordezkaritza zabala izan zen bertan, eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten; Oianguko gaztetxoak elite zein promozio mailan jokatu zuten.
Banakako txapelketek eman zioten hasiera Pilotaldiari. 12 urtez azpikoetan Oianguko lau kide izan ziren. Aratz Arrieta olaberritarrak lortu zuen emaitzik nabarmenena, eliteko finalean sartu eta bigarren postua eskuratuta. 14 urtez azpikoetan, berriz, Inar Aierbek final laurdenetarako txartela lortu zuen, eta 16 urtez azpikoetan, azkenik, Josu Soberon olaberritarra elite mailan txapeldun izan zen.
Binakako txapelketak jokatu ziren ondoren. 12 urtez azpikoetan, Oinatz Arruabarrena eta Amets Aierbe bikoteak taldekako fasean amaitu zuten, eta Oier Goñi eta Aratz Arrietak, berriz, elite mailako finala jokatzea lortu zuten. 14 urtez azpikoetan, Inar Aierbe eta Harri Goñi finalerdietara sailkatu eta laugarren postua eskuratu zuten, eta 16 urtez azpikoetan, azkenik, Josu Soberon eta Ekai Andonegik brontzezko domina jantzi zuten.
Oiangu pilota elkarteak txapelketen balorazio «oso ona» egiten duela azaldu du: «Hainbeste lekuetatik etorritako kirolarien aurrean aurrez-aurre jokatzeko eta emaitza onak lortzeko gaitasuna erakutsi dute gazteek».













