Segurak antolatuko du aurten Bost herrien arteko ibilbidea
Irailaren 19an izango da eta Segurako txoko ez hain ezagunak bisitatzeko aukera izango da.
Unamendi eta Txarako haitza Segura gainean. Hitza Irailaren 19an egingo dute aurten Bost herrien arteko ibilaldia Aizkorpe bailara osatzen duten bost herriek. “Bailarako mendizaleen arteko hartu-emanak sendotzeko” baliagarria da ekimena antolatzaileek azpimarratu dutenez. Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteetako eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteetako kideek hartzen dute parte. Txandan-txandan antolatzen dute jarduera eta aurtengoa, 11.ena, Segurako mendi elkarteak antolatuko du, “Segura inguruko txoko ez hain ezagunak” erakusteko helburuarekin.
Seguran barrena 11 kilometro inguruko ibilbidea prest dute dagoeneko, “8:00etan Segurako plazatik abiatu eta 14:00ak inguruan amaituko da” aurreratu dute.
Ibilbidea
Segurako plazatik abiatuta Laiotz auzora joango dira. Pagamuñoandi ingurutik pasatu eta ondoren, Txarako haitzera iristea izango da helburua. Ondoren, Segura eta Zegama artean dagoen Segurako Kortaberria auzora joango dira. Auzoan, uraren depositua, ganadua babesteko saletxeak eta bertan zegoen teileria zaharra bere labe eta guzti ikusteko parada hartuko dute. Handik Zorroztarriko trikuharrira gerturatuko dira. Eguraldiak lagunduz gero bertan egingo dute hamaiketakoa —norberak berea eramanda—; eguraldi txarrarekin Santa Barbara ermitan izango da.
Unamendi gaina igoko dute ibilbidearen azken txanpan. Hortik aurrera, Santa Barbara ermita ingurutik behera Segurako plazan emango diote amaiera irteerari.
Bazkaria Seguran
Ibilaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute elkarrekin. Bazkarira joan nahi duenak izena eman beharko du irailaren 13rako, 660 791 623 telefonoan. Bazkariaren prezioa 30 eurokoa izango da.













