Euskal Selekzioa munduko txapeldun, eskuz binaka
Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak eskuz binakako taldean daude. Ekhi Irribarria aramarrak, berriz, eskuz banakako finala galdu zuen.
Beñat Garmendia, Beñat Azketa eta Ekhi Irribarria, Argentinan.EEPF Munduko Euskal Pilota Txapelketa gaur amaituko da. Edizio hau berezia izan da Euskal Selekzioak munduko txapelketa batean, kategoria absolutuan, parte hartzen duen lehen aldia baita. Gainera, lehen domina ofizialak irabazi ditu dagoeneko. Atzo, eskuz binaka urrea irabazi zuen Euskal Selekzioak, eta zilarra eskuz banaka. Tartean goierritarrak zeuden. Eskuz banaka Ekhi Irribarria (Arama, 2005) aritu zen. Eskuz binaka, finala jokatu ez bazuten ere, taldean ziren Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak.
Herenegun German Elkoro beasaindarrak urrezko domina irabazi zuen pilota egokituko finalean. Elkorok eta Edorta de Antak 15-10 eta 15-19 irabazi zieten Navarro eta Cabanne frantziarrei.
Esku pilotako finalak
Eskuz banaka Irribarriak eta Gaizka Carregal galdakaoarrak jokatu zuten Espainiaren aurka, eta 2-0 galdu zuten. Eskuz binaka, aldiz, Oier Elortz zaratamarrak eta Eñaut Lizeaga astigarragarrak Espainiari 2-0 irabazi zioten.
“Kantxa barruan eta kanpoan izan gara munduko txapeldunak”
Euskal Selekzioko pilotaria, Beñat Azketa
Partida ostean Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak sare sozialetara eskuz binakako lau taldekideen bideo bat igo zuen. Bertan, Azketak nabarmendu zuen txapelketan zehar “beti elkar animatu gara”, edonork jokatzen zuela ere: “Kantxa barruan eta kanpoan izan gara munduko txapeldunak”. Garmendiak, berriz, bizi duten esperientzia horren atzetik “ezkutuko lana” egiten dutenei eskerrak eman zizkien, eta bere taldekideei jokatutako finalarengatik zoriondu.












