Amorrua kontsumo taldean
Legazpiko Basherri Kontsumo Taldeko bi kidek isuna jaso dutela eta, taldeak "udalaren jarrera" salatu nahi izan du, "oinarrizko elikagaien banaketarako irtenbideak" topatu beharrean, "oztopoak" jartzen ari delako.
Martxoaren 30ean Legazpiko Kontsumo taldeko bi kidek isuna jaso zuten. Ertzainek bakoitzari 600 eurotik gora izan daitekeen isuna jarri zieten, produktu ekologikoak etxez etxe banatzeagatik, Elika Fundazioak zehaztutako segurtasun protokoloa zorrotz betetzen ari zirela.
Horren aurrean, kontsumo taldeak Legazpiko Udalak erakutsitako jarrera salatu nahi du. Oinarrizko elikagaien banaketarako irtenbideak topatu eta aztertu beharrean, Legazpiko Udalak oztopoak jarri ditu.
Egia da, gertakari horien atzetik Legazpiko Udalak erreakzionatu egin duela eta irtenbide bat ematen saiatu dela arazoari, orain udal langileek egiten dute banaketa. Beharrezkoa al zen egoera honetara iristea? Udalak kaleratutako albistean esaten da Kontsumo taldeak zailtasunak dituela segurtasun neurriak betetzeko, eta hori gezurra da. Kontsumo Taldeak ez ditu zailtasunik segurtasun neurriak betetzeko, guk uste dugu Ordizian edo Zumarragan bezala bideragarria dela asteroko azoka egitea eta kontsumo taldearen banaketa Legazpiko Azoka gunean egitea.
Legazpiko Udalak ez ditu lehenengo sektorea eta tokiko baserritarrak babesten eta egoeraren inguruan egin duen irakurketa partzialak hori erakusten du: murrizketak aplikatu dira, inguruko herriek asteroko azokak mantendu dituzte. Baserritarrek oinarrizko elikagai horiek, ogia, barazkiak edo esnekiak saltzeko aukera izan dute, eta kontsumo taldeek ez dute arazorik izan euren asteroko banaketa egiteko.
Udalak hartu dituen erabaki guztiak ekoizle zein kontsumitzaileekin hitz egin gabe hartu ditu, ez da komunikaziorik ez elkarlanik egon. Kontsumitzaileek alkatearekin harremanetan jarri nahi izan dute eta honek ez dizkie deiak itzuli. Are gehiago, Ertzainek isuna jarri zien egunean Udaletik dei bat jaso zuten, Kontsumo Taldeari jarraipena egiteko eskatuz, Kontsumo taldekoak oraindik dei horren zain daude. Eta hartutako azken erabakia prentsaren bidez ezagutu dugu. Eta zer esan udaleko web gunean argitaratu den albiste faltsuaren inguruan? Informazio tendenziosoa da, komunikazio ezaren adierazle garbia.
Legazpiko kontsumo taldea ekonomia solidarioagoa, kontzienteagoa eta osasuntsuagoa bultzatzeko lanean ari den talde bat da. Jan, erosi eta kontsumitzen ditugun produktuei eta zerbitzuei garrantzia ematen diogu, izan ere, gure kontsumo era eta ohiturek ondorioak eragiten dituzte bai jendartean, bai ingurumenean.
Kontsumo taldeko kideok nekazal produktu jakin batzuk gertuko baserritar bati zuzenean erosten dizkiogu. Baserritarrak astero bere produktuekin osatutako otarra prestatzen dio kontsumitzaile bakoitzari eta astelehenetan Azoka gunean egiten da banaketa. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean kontsumo taldeak banaketa Azokan gunean egiten jarraitzeko baimena eskatu zion udalari, beti ere, Biolurrek Gipuzkoako Kontsumo Taldeetarako zehaztutako segurtasun protokoloa jarraituz.
Azken berrien arabeera Eusko Jaurlaritzak 2020ko apirilaren 8an oraindik larriagoa den egoera batera eraman gaitu. Bertan azokak bertan behera utzi nahi izan dira, eta alarma egoera dagoen bitartean horrela jarraitu nahi da. Honek, supermerkatu handiei oraindik ateak gehiago irekitzen dizkie eta zuzenean saldu eta soldata duin bat atera nahi duten baserritarrei ateak itxiz. Osasun sailaren ordenaren alde egoteak inguruko baserritarren kontra egitea esan nahi du. Bestetik, inguruko hainbat udalek borondate guztiz eta baserritarrei laguntze aldera egindako ahaleginak aipatu nahi ditugu (Adibidez: Ordizi, Oñati, Zarautz, Bergara, Azpeiti). Baserritarren borrokak eta herri askoren borondateak ordea, bere fruituak eman eta ordena atzera botatzea lortu da eta azokak eta kontsumo taldea berriz ere hartu beharreko neurriak hartuta, normaltasun egoerara bueltatzea. Baina horretarako Legazpiko udalak orain arte erakutsi ez duen borondatea erakutsi beharko du.
Amaitzeko, kontsumo eredu honetan sinesten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, elikadura subiranotasunaren alde egiteagatik eta baita ere, eskertu Euskal Herri osotik jaso ditugun babes eta animo mezuak. Bitartean zaindu, eta gorputza eta burua ondo elikatu.