Aurrez asko idatzia bada ere, bere lehen liburua kaleratu du Irati Goikoetxeak: 'Andraizea'. Atzo aurkeztu zuen beasaindarrak hamalau ipuinez osatutako bilduma hau
Zer da Andraizea?
Udazkenean hain ohikoa den hego haizea, ero haizea, andra haizea… Esaera zaharrak ere hala dio:
hego haizea, andraizea.
Baina, liburua ez da eromenari buruzkoa: zoroaldi txikiz osatutako ipuinak dira. Niretzat bizitza txoro haize txiki horiez osatzen delako. Bizitza zoro hau, zoroaldi txikiek osatzen dutela sinesten dut.
Emakume izenak dira ipuin edo kapitulu bakoitzeko izenburuak. Zergatik?
Emakumea koloretsuagoak garelako, ozenago egiten dugulako barre. Baina, emakume horiek ez dira ipuinetako protagonistak: protagonistak begiratzen dituztenak baizik. Asko sinesten dut begiradetan eta pentsamenduetan. Niretzat pentsamenduetan dago bizitza. Ahotsa dutenak gizonezkoak dira. Adibidez: bi langileren harremana, gertu egon arren elkarrengandik asko ez dakitena.
Bestalde, izenburuak jartzea da niretzat ariketarik zailena. Carmen izenburuaren kasuan, adibidez. Bera ipuineko protagonista ez izan arren, besteak protagonista izateko, pisu handiko pertsonaia da.
Kapituluetan, hainbeste emakumeren izenen artean, badira bi kapitulu Gizona eta Emakumea izena dutenak. Zergatik?
Gizonen izen esanguratsu bat topatzea zaila egin zait. Gizonen izenak azaltzen dira ipuin horren barruan, baina ez nuen bat determinatu nahi. Libre xamar utzi nahi nuen. Azken ipuinari berriz,
Emakumea izenekoari, ukitu ezberdina eman nahi nion.
Lau ipuin dagoeneko eginak zenituen, eta sariak lortu zituzten, gainera. Gainerakoak libururako sortu al dituzu?
Ez. 2010-2013 urteen artean koaderno batean idatzi nituen lanak dira guztiak. Egin nuen lehen lana
Carmen izan zen, 2010ean. Estiloak harrapatu egin ninduen eta handik aurrerakoak ere molde berdinean idatzi ditut.
Eta orain, molde berean idazten jarraitu nahi duzu?
Bere topera iritsi da estilo hau. Ez nuke urratu nahi. Orain, lasaitu eta arnasa hartu nahi dut. Amets bat bete dut liburua argitaratuta. Orain, zer amestu nahi dudan pentsatu nahi dut. Eleberri bat egiten saiatuko naiz, eta amets hori egia bihurtzen saiatuko naiz.
Elkarrizketak, «motzak eta hotzak» izan ohi direla diozu liburuan, eta liburukoak ere halaxe dira. Baina zer ezkutatzen dute?
Halaxe hitz egiten dugu errealitatean ere. Esan behar dugun horretan gelditzen dira elkarrizketak errealitatean ere. Galdetzen ausartuko bagina, burutuik pasa ahala, elkarrizketak beste doinu bat izan behar luke, jakiteko, entretenitzeko… Azkarregi mozten eta mugatzen ditugu elkarrizketak egunerokoan.
Ezkutatzen ez direnak, ordea, pentsamenduak dira. Garrantzia berezia ematen diezu.
Pentsamendu, keinu, hitz, elkarrizketa… ez formal horiek interesatzen zaizkit. Pentsamenduak mutilatu egiten ditugula uste dut.
Espontaneoa da idatzitakoa. Pentsamenduari solte eragiten utzi diot: zer bururatu, hura idatzi. Gehiagotan harrotu behar ginateke gure erotasun horrekin. Surrealismorako joera ere badago, gure logikan sartzen ez dena.
Segura Irratian egiten duzun
Itaka saioan irakurriko al duzu liburu honen zatitxorik?
Ba, seguraski bai. Sonoritate bat badu. Idatzi ahala, ahots gora irakurri dut eta nahiko soinu polita du. Berrirakurtzen nuen ahala, erraz ulertzen dela, baina hausnartzeko tarte bat hartzeko ere ematen duela iruditu zait.
Andraizeak jota egin duzun gauzarik bereziena?
Bereziena ez dakit… Matematika klaseak ematen jarduten dut. 25 ikasle zuri begira dituzula, zu hor zaude jario batean azalpenak ematen eta azalpen matematiko horren erdian gelditu eta
zuek zoriontsu al zarete? galdetzea nire ikasleei.
Besteak nola erreakzionatzen duen ikustea gustatzen zait. Bestela dena oso mugatuta dago, formala da. Formaltasuna hautsiko duen zerbait egitea gustatzen zait.