Bi urte eta bi sari Kimika Olinpiadan
Beasain BIPeko Maddi Mendizabalek aurten irabazi du Kimikako Euskal Olinpiada, eta Garazi Zubeldiak iaz, biek Ainara Imazen gidaritzapean.
Ainara Imaz irakasle idiazabaldarra eta Maddi Mendizabal ikasle zegamarra.Laida Goiburu Badira ikasketetarako gaitasun berezia duten ikasleak, ikastea gustatzen zaienak, ezarritako gaitegia erraz barneratzen dutenak eta haien jakin mina asetzeko gehiago eskatzen dutenak. Hori da Beasaingo institutu publikoko Batxilergoko 2. mailako ikasle den Maddi Mendizabal Lekuona zegamarraren kasua. Ainara Imaz Fisika eta Kimikako irakasle idiazabaldarraren gidaritzapean, 2026ko Kimikako Euskal Olinpiada irabazi du martxoaren 6an, eta Estatuko Kimikako Olinpiadan parte hartuko du asteburuan, Alacanten (Herrialde Katalanak).
Imazek proposatuta parte hartu du Euskal Olinpiadan, bere ikasgaian aurreratuta zihoala ikusi eta ikasleak berak gehiago eskatu ondoren. «Maddik esan zidan nolabait aspertu egiten zela, eta momentu horretan jaso genuen olinpiadarako proposamena. Hala, erronka bezala proposatu nion hori prestatzea», azaldu du Imazek. Izan ere, azpimarratu du izan daitezkeela aspertzen diren ikasle gehiago ere, baina Mendizabalek gehiago eskatzen du, ikasleak berak esan bezala, «gora begira egon beharrean». Batxilergoko 2. mailako ikasgaiak lantzen dira olinpiadetan; azterketa martxoaren 6an izan zela eta ikasturtea amaitu gabe zegoela kontuan hartuta, gainontzekoek oraindik landu gabeko ikasgaiak jaso ditu zegamarrak.
Lehen aldiz, iaz
Zientziaren arloan ez ezik, abanikoan zabaltzen da bere ikasketetarako gaitasuna. Baina zientziak ditu gustukoen, Mendizabalek berak azaldu duenez: «Txikitatik ikastea gustatzen zait, batez ere zientziak; matematika, kimika, biologia…». Biokimika Gradua egin nahiko luke, EHUn, Leioan: «Zalantzak izan ditut zer ikasi nahi dudan erabakitzeko. Azkenean, Biokimika ikasi nahi dut, arlo horretako gai ezberdinak uztartzen dituelako».
Bi urte dira Imazen gidaritzapean ikasleak Kimikako Euskal Olinpiadara aurkezten direla. Iaz, 2025ean, lehen aldiz Garazi Zubeldia Zubeldia beasaindarrarekin prestatu zuen erronka hori, eta hark ere lehen saria jaso zuen. Bi urte eta bi sari. Zubeldiak, ordea, ezin izan zuen estatukora joan, Euskadiko Orkestrarekin deialdi baterako deitu zutelako. Matematika ikasten ari da egun, Leioan.

Garazi Zubeldia Zubeldia beasaindarra, 2025eko Kimikako Euskal Olinpiadako saria jasotzen.Hitza
Estatukoak, elkarrekin
Aurten bai. Asteburuan ikaslea eta irakaslea elkarrekin joango dira Alacanten jokatuko den estatukora. Gogotsu dago Mendizabal: «Beste motibazio bat da, beste esperientzia bat, berria, ezberdina. Gogoa daukat beste olinpiadak irabazi dituztenekin egoteko, haiek ezagutzeko». Olinpiadaz gain, beste ekintza batzuk egingo baitituzte sailkatu diren ikasleek batera, besteak beste, Alacanten bisita gidatua. Larunbat goizean izango dute azterketa bat, eta bazkalondoren test moduko beste bat. Igandean izango da sari banaketa.
«Beste motibazio bat da, beste esperientzia bat, berria, ezberdina. Gogoa daukat beste olinpiadak irabazi dituztenekin egoteko, haiek ezagutzeko»
Maddi Mendizabal Lekuona. 2026ko Kimikako Euskal Olinpiadaren irabazlea
Horra iristea jada lorpen handia dela nabarmendu du Imazek. Eta garrantzia eman dio Maddi eta Garazi bezalako profiletako ikasleei motibaziorako tresnak emateari: «Askotan ikastetxe mailan kostatzen zaien ikasleak dauzkagu, baina badaude beste profil batekoak, azkarrak eta biziak direnak, eta horiek ere aspertzen dira. Askotan fokua ez dugu horietan jartzen, eta garrantzitsua da haiei erronkak ematea». Eskarne Galdos institutuko zuzendariak bat egin du horrekin, eta Mendizabalen zein Imazen ezaugarriak goraipatu ditu: «Ikasle azkarra, saiatua, jakin mina duena, gainditze espiritua duena… horrelako irakasle baten lidergoarekin elkartzen denean horrelako emaitzak lortzen dira».
Talentu gaztea eta zientzia
Ikasle azkar baten jakin mina, hori asetzeko etengabeko nahia, eta irakasle baten egokitzeko eta ikaslea hauspotzeko gaitasuna elkartuta, Kimikako Euskal Olinpiada irabazi dute, Garazi Zubeldiak iaz, Maddi Mendizabalek aurten, Beasaingo institutuaren izena talentu gaztearen eta zientziaren gorenera eramanda.
Olinpiar Jokoen kutsua izango du asteburuak
Bihartik igandera izango da Espainiar Estatuko Kimikako Olinpiada, Alacanten (Herrialde Katalanak). Ikasleen hiribilduan hartuko dute ostatu parte hartuko duten ikasleek. Antolakuntzak partaideei bidalitako plangintzan azaldu du ekimena «espiritu olinpikoaren ohituren arabera» egingo dela, «hiribildu olinpiko gisa», Olinpiar Jokoetan bezala, alegia: «Ikasleek eta laguntzaileek ahalik eta kontaktu gutxien izango dute, eta ikasleak haien artean erlazionatuko dira».
Hori bideratzeko, hiru plangintza prestatu ditu antolakuntzak: ikasle, tutore eta laguntzaileentzat bana. Bihar 19:00etan hasiko da olinpiadaren asteburua, irekiera ekitaldiarekin.












