Shifa, Saharako osasun sistemaren sendabidea
Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan izan dira bi goierritar, Shifa elkartearekin. Osasun komunitarioan laguntzea eta egoeraz sentsibilizatzea du helburu.
Sanchez (goiko ilaran, eskubitik hasita lehena) eta Saldaña (beheko ilaran, eskubitik hasita hirugarrena) aurtengo espedizioan. Shifa Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiak ohiko bihurtu dira Maria Saldaña ordiziarrarentzat eta Iñaki Sanchez zumarragarrarentzat: hiru aldiz izan dira dagoeneko, eta aurten ere itzuli dira. Idoia Narbaiza legazpiarra, berriz, iaz joan zen lehen aldiz. Hirurak erizainak dira, Shifa elkarteko kideak; 2023an sortu zutenetik dabiltza bertan Saldaña eta Sanchez, eta handik urtebetera batu zen Narbaiza.
Shifa osasun kooperazioko proiektua da, Aljeriako hegoaldean kokatutako Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetan osasun laguntza eskaintzea, osasun komunitarioa indartzea eta egoeraz sentsibilizatzea helburu duena. Arabieratik dator izena, eta «sendatzea» edo «sendabidea» esan nahi du. Hasieran 11 erizainek osatutako taldea zen, baina gaur egun 33 kide ditu, tartean medikuak ere bai, lan asistentziala indartzeko asmoz. Horien artean sei goierritar daude.
Otsailaren 1etik 13ra bitartean egin dute aurtengo bidaia Saldañak eta Sanchezek, beste 11 lagunekin batera. Smarako kanpalekuetan aritu dira lanean, eta, lehen aldiz, hiru mediku izan dira taldean. Horrek esku-hartzea aberastu duela nabarmendu du Saldañak: «Diagnostikoak egiterakoan segurtasun handiagoa ematen dute medikuek; guk, berriz, zainketetan, zaurien tratamenduan eta gaixo kronikoen jarraipenean egiten dugu ekarpena».
Elkarlanaren indarra
Lan egiteko modua argia dela azaldu du Narbaizak: «Talde txikietan banatzen gara; bakoitzak bere helburu zein eginbeharrak ditu, eta gerora, komunean jartzen ditugu denak».
Bertako osasun sistema komunitarioa hobetzeko lan egiten dute, bertako ospitale eta osasun zentroetan lan asistentziala eginda eta osasun materiala eramanda. Asistentziaz gain, irakaskuntza ere egiten dute, alegia, bertako erizaintza eskolako ikasleei zein profesionalei formakuntzak eskainita.
«Fisikoki eta emozionalki lan gogorra izaten denez, aisialdirako tartea hartzen saiatzen gara»
Maria Saldaña. Erizaina
Lan hori guztia Saharako Osasun Ministerioarekin elkarlanean egiten dute. Narbaizak azpimarratu du funtsezkoa dela harreman hori: «Bidaiaren aurretik, bitartean eta ondoren komunikazioa mantentzen dugu». Joan aurretik, premia nagusiak zeintzuk diren azaltzen dizkiete; bueltan, berriz, ikusitako gabeziak eta hobetu beharrekoak partekatzen dituzte.
Euskal Herrira itzulitakoan, berriz, sentsibilizazioari ekiten diote. Narbaizaren hitzetan, hori da sahararrek gehien estimatzen, eskertzen eta eskatzen duten lana: gatazka ezagutaraztea. Hori sustatzeko, ikastetxe, unibertsitate, anbulatorio eta erakundeetan hitzaldiak eskaintzen dituzte, eta azokak ere baliatzen dituzte lan horretarako.
Lan jardunaldi betea
Osasun sistema komunitarioa hobetzeko lan horretan, lan erritmo zorrotzak izaten dituzte egonaldian zehar. Goizetan Smarako ospitalera joaten dira eta mediku zein erizain bana banatzen dira bi kontsultetan. Kanpoan, berriz, beste erizain bat geratzen da saharar erizain batekin batera, pazienteen informazioa jaso, egoera baloratu eta kontsultetara bideratzeko. Bitartean, beste talde bat haur eskoletan eta dispentsarioetan ahoko higieneari zein gaixotasun kronikoei buruzko informazioa eskaintzeaz arduratzen dira.
«Nazioarteko laguntzaren menpe daude arlo guztietan, eta donazioak jaisten ari dira»
Iñaki Sanchez. Erizaina
Bazkal ostean, bigarren txandari ekiten diote ospitalean, eta aldi berean, beste talde bat etxez etxe ibiltzen da; aurten martxan jarri duten ekimena da, osasun zerbitzuetara iritsi ezin diren pertsona zaurgarrienak ere artatzeko. Lan jardunaldiak «gogorrak» izaten direla azaldu du Saldañak: «Fisikoki eta emozionalki gogorra izaten denez, aisialdirako tartea hartzen saiatzen gara».
Aspaldiko gatazka
Halere, badago urtero errepikatzen den errealitate bat: baliabide eta material eskasia. Sanchezek dio egoera ez dela hobetu: «Nazioarteko laguntzaren menpe daude, bai osasun arloan zein beste arlo guztietan ere. Geroz eta gutxiago jasotzen dute, eta donazioak ere jaisten ari dira».
Komunikabideetan presentzia handirik ez duen «gerra isila» dela dio: «2020a baino lehen su-etena zegoen hitzartuta, baina Marokok hautsi eta ordutik berriro gerran dagoen konfliktoa da».
«Oso jende alaia, langilea eta esker onekoa da; asko ematen digute bueltan»
Idoia Narbaiza. Erizaina
Sahararrak nahi ez luketen lurraldean bizi direla ere gogoratu du, beraien lurraldea «kendu» baitiete: «Beren lurraldera bueltatzeko itxaropenarekin bizi dira, eta hori da borrokan jarraitzeko indarra ematen diena». Errealitate hori, errealitate «gogorra» dela ziurtatu dute hiru erizainek.
Eskuzabaltasuna eredu
Bi asteko egonaldian bertako errefuxiatuek elkarteko kideekin izaten duten eskuzabaltasuna ere azpimarratu nahi izan dute: «Oso eskuzabalak dira». Egunerokoa lasaia dela azaldu du Narbaizak: «Ez dauzkate guk bezain beste aktibitate edo estimulu, errutinan oinarritutako bizitza daramate».
Bere ustez, harreman pertsonalak dira esperientziaren zatirik berezienetako bat: «Oso jende alaia, langilea eta esker onekoa da. Haurrak ere bai; gure presentziak ilusioa egiten die, eta asko ematen digute bueltan».
Saldañak, bestalde, emakume sahararren papera nabarmendu du: «Haiek izan dira beti komunitatea aurrera atera dutenak». Gerraren garaian kanpalekuak antolatu zituzten, eta gaur egun ere eguneroko bizitzaren ardatz dira, etxean zein komunitatean. Horren sinbolo da melfa, emakume sahararren jantzi tradizionala. «Harrotasunez eramaten dute; haien identitatearen parte da».
Hemen aurreko urteetako bidaien irudiak:














