Emakumezko ‘speakerra’ maratoiaren 25. urteurrenean
Laura Rodriguez elgoibartarrak egingo ditu hizlari lanak. Jose Antonio de Pablo 'Depa'-rekin eta Mikel Apaolazarekin batera arituko da. Berdintasunaren alde «lorpen txiki bat» da Zegamako Udalarentzat.
Rodriguez Nueva de Llanesen (Asturias) Cueva Negra Trailen, pasa den apirilaren 18an. Hitza Zegama-Aizkorri mendi maratoiak 25. urteurrena beteko du datorren maiatzaren 17an, –12. Kilometro Bertikala maiatzaren 15ean jokatuko da eta 15. Junior Traila maiatzaren 17an–. Mende laurdena ez da urtero ospatzen eta berezia izango da aurtengoa; baina ez horregatik bakarrik, 25 urte hauetan lehenengo aldiz, emakume bat izango baita hizlari lanetan: Laura Rodriguez elgoibartarra. Azken urteetan speaker lanetan aritu diren Jose Antonio de Pablo Depa eta Mikel Apaolaza beasaindarrarekin batera arituko da taldea osatuta.
Denis Perez Zegamako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, «berdintasunaren aldeko lorpen txiki bat» da Rodriguez hizlarien taldera batzera, «gaur egungo moldeetara egokitzeko beharretik sortu da. Beharrezkoa zen zentzu horretan pauso bat ematea», azpimarratu du. Zegamako Berdintasun taldeak ere izan du zerikusia, «emakumezko speaker bat ekartzeko presioa egin dute, arrazoiarekin gainera».
Ez da erraza izan, lan hauetan aritzen diren emakumezkoak «oso gutxi» direlako oraindik, are gutxiago, «euskaraz aritzen direnak». Rodriguez orain gutxi hasi da speaker lanetan; «Ermuako (Bizkaia) Hiru Txikiak mendi lasterketan ezagutu nuen nik», kontatu du Perezek. Espainiako lasterketetan egin ditu orain arteko lanik gehienak, gaztelaniaz, baina Rodriguez euskalduna dela azpimarratu du, jaso dituzten kritiken harira: «Mundu guztiari eman behar zaio aukera bat kritikatu aurretik».
Zegamakoa, laugarrena
Rodriguezek izango du aurten Zegama-Aizkorri maratoiko lehenengo emakumezko hizlaria izatearen ohorea eta «errespetua» ematen diola aitortu du. Guztiarekin, «pozik» dagoela dio, «esperientzia berezia izango da eta ilusio handia egiten dit», gehitu du. Berria da hizlari lanetan, pasan den urteko irailean estreinatu zen lan honetan, Ermuako Hiru Txikiak mendi lasterketan. «Lagunak ditut antolatzaileak eta emakumezko hizlari bat nahi zutela esan zidaten, euskaraz aritzeko eta animatu egin nintzen», kontatu du. Rodriguez mendi korrikalaria da eta ezagun asko ditu mundu honetan.
«Esperientzia berezia izango da eta ilusio handia egiten dit Zegama-Aizkorrik»
Laura Rodriguez. Speakerra
Zegamakoa hizlari lanetan arituko den laugarrena izango du. Otsailean Quiroga Trail Challenge aurkeztu zuen Galizian eta pasa den asteburuan Asturiasko Cueva Negra Trailean izan zen. Aurkezle lana ondo egiteko aurretik prestatu beharra dagoela dio, «xehetasun txikiak eta korrikalariak ondo ezagutu behar dira», amaitu du.













