«Iluntasuna eta gaua ageri dira liburuan, baita mitoak eta kondairak ere»
‘Lo nuestro’ izenburupean, 11. eleberria argitaratu berri du Ormaiztegin bizi den Maite R. Otxotorena idazleak. Ostiral honetan aurkeztuko du herritarren artean, 19:00etan gizarte etxean.
Maite R. Otxotorena idazlea, Ormaiztegin astelehean. Hitza Maite R. Otxotorena (Donostia, 1970) Ormaiztegin bizi da azken hamar urtetan. Zinemako eta telebistako gidoigintzako ikasketak egin zituen eta bideojokoen munduan lan egin zuen urte askotan, sortzaile gisa. Idaztea izan da, dena den, haurra zenetik gehien gustatu zaiona, eta 2007an argitaratu zuen bere lehendabiziko eleberria: El secreto de la Belle Nuit. Ordutik beste hainbat nobela idatzi ditu eta azken hau, Lo nuestro 11. da.
2023an argitaratu zenuen Planeta argitaletxearekin Un desierto de hielo. Eko-thriller bezala definitu zenuen eleberri hura. Oraingo hau ere genero berekoa al da?
Misterioa badago, baina oso ezberdina da. Azken lau urte hauetan nire bizitzan oinarrizkoak ziren lau pertsona galdu ditut, aita eta ama tartean. Nobela hau galera horiek eragin dizkidaten emozioez josita dago: amorrua, inpotentzia, zurztasun sentimendua… Asko kostatu zait eleberri hau idaztea, baina era berean lagungarria ere izan da. Eleberri intimistagoa da, limurtzaileagoa, puntu magiko bat ere badauka oso musikala bizi izan ditudan emozio guzti horiekin bat datorrena.
Non kokatuta dago istorioa?
Goierrin kokatuta dago, Zerainen zehazkiago. Eleberrian ez diot Zerain izena eman nahi izan, ez delako zehazki Zerain, baina Zeraingo auzo baten izena erabili dut: Barbari. Hasiera batean meategien gaiaz aritu behar nuen, baina azkenean atera denak ez du zerikusirik, ez baitzuen nik kontatu nahi nuen istorioarekin bat egiten.
Baserriaren mundua oso presente dago eleberrian.
XVIII. mendean girotuta dago eleberria. Baserriaren mundua da hari nagusia, baserriaren kultura, erroak, gizarte hartan baserriak zuen garrantzia ageri dira. Jendea ez zen abizenaz ezagutzen, baserriaren izenaz baizik, Aranekoak, Otatzakoak… ziren. Orduko gizarteak baserriarekin zuen loturan ere egiten dut azpimarra.
Sineskeriak eta mitologiak ere pisu handia dute istorioan.
Landa inguru batean garatzen da istorioa, ezaguna ez zen orori beldurra zioten leku batean. Iluntasuna, gaua ageri dira, baita mitoak eta kondairak ere. Sineskeria horiek eguneroko bizitzan erabateko eragina zuten eta horien arabera bizi ziren.
«Istorioa Goierrin kokatuta dago, Zerainen zehazkiago; baina eleberrian Barbari deitu diot»
Zein da hari nagusia?
Barbari izeneko herrian neska gazteak euren etxeetatik desagertzen hasiko dira, nahiz eta etxeak babesteko Eguzkiloreak jarri edo errituak egin gaizkia barrura sartzea eragozteko. Hori horrela, apaiz gazte bat iritsiko da herrira adinean aurrera doan Barbariko parrokoari laguntzeko. Egoera konplexu batean aurrean aurkituko du bere burua eta misterioa argitzeko zailtasunak izango ditu herritarren aldetik, arazoak etxe barruan konpontzera ohituta dagoen gizarte baten aurrean.
Oso istorio korala dela diozu.
Bai, Martin protagonista dago batetik, —apaiz gaztea— baina beste pertsonai asko ere badaude, bakoitza bere istorio propioarekin. Nire eleberri gehienak pertsonaia askokoak izan ohi dira, baina honetan are gehiago. Pertsonaia guzti hauek baliatu ditut baserriko bizitza bere horretan kontatzeko eta sineskeria eta mito guzti horiek hobeto erretratatu ahal izateko.
Ordu asko sartu al dituzu Zerainen idazten hasi aurretik?
Asko. Zeraingo turismo bulegoko Aloña Aranburuk Zeraingo ohiturei eta baserrien egiturei buruzko liburu bat utzi zidan eta oso baliagarria izan zait idazterako orduan. Mitologia gaiei buruz, Joxe Miel Barandiaranen ikerketak izan dira inspirazio iturri nagusiak. Ikerketa lan handia suposatu dit, hiru urte kostatu zait liburua amaitzea.
Lo nuestro autoeditatua izan da, zergatik?
Planeta agentziak guztiz bestelako eleberri bat nahi zuen; nire istorioa editorialek gaur egun dituzten exijentzietara egokitzea nahi zuten. Beste eko-thriller bat egitea nahi zuten, baina nik ez ditut inoiz istorioak errepikatzen. Ez daramat batere ondo literatur genero bakarrean lerrokatzea edo agentziek horrenbeste zuzentzea, are gutxiago liburu honekin. Errespetu bat zor nion eleberri honi; aldatzea nire buruari traizioa egitea litzatekeela pentsatu nuen eta horregatik autoeditatu dut. Amazon plataforman dago salgai paperean eta bertsio elektronikoan.













