Brinkolako zoo txikia
Familiarekin, lagunekin edo bakarka plan ederrak egin daitezke Brinkolan. Xarma bereziko baserri auzoa da, eta eguna edo ordu batzuk igarotzeko dituen amuen artean, abereak ere badaude. Zelaietan ganadua udaberriaz gozatzen ari da aste hauetan, eta errotako aldaparoa hegaztiz beteta dago.
Brinkola zoo txiki bihurtuta dago azken urteetan. Cabarcenoren pareko izatera ez da iritsi, baina auzoko baserri inguruak eta zelaiak aberez beteta daude, bertakoen eta bisitarien gozamenerako. Neguko egun gogorrak igarota, ganadua kanpora atera dute baserritarrek, eta udaberriak ekarritako landarediaren berpizteak berde biziz jantzi ditu zelaiak. Bien baturak irudi politak uzten ditu, eta jende asko dabil argazkiak atera eta atera.
Arraza desberdinetako behiak eta txahal txikiak, astoak eta astakumeak, zaldiak eta behorrak, ardiak eta arkumeak, txerriak eta ahuntzak dira argazki horien protagonistak… Nebredaren baserrikoekin batera. Jendea inguratu orduko, abereak argazkiak ateratzeko gertu egoten dira askotan.
Errotako hegaztiak
Baina abere guzti horiez gain, badira Brinkolan beste batzuk ere, Igaralde errotako aldaparoan. Horiek, argazkilarien zain baino gehiago, ogi koxkorrekin hurbiltzen direnen peskizan izaten dira. Hemen ere, makina bat argazki ateratzen du jendeak, eta azken asteetan, turismo destino edo plan gisa ere kokatu dute txoko hori hainbat influencer eta alorreko eragilek.
Hegaztiak duela hiru-bat hamarkada iritsi ziren Igaralde errotako aldaparora, bertako Unai Segadek gogoratu duenez: «Gu txikiak ginela Gasteizera joaten ginen asko izebarengana, eta bidean, geldialdia egiten genuen Oñatin, Olakua auzoko urmaelean zeuden ahateak ikusteko. Asko gustatzen zitzaizkigun, eta bikote bat erostea erabaki genuen». Hura izan zen hasiera. Ahateak iritsi aurretik, aldaparoa apoz beteta egoten zen, eta horrela, desagertu egin ziren.
Ahateen familia handitzen joan zen, eta ondoren, duela 10 urte inguru, antzarak ere jarri zituzten, bikote batekin hasita horiek ere. Orain sei baino gehiago daudela dio Segadek, eta ahateak, lau, ar eta eme bi kasuetan. Hegazti horiek aldaparoko uretan ibiltzen dira, baina ondoan badute lursail txiki bat ere, txabola eta guzti, arrautzak egiten dituztenerako. Izan ere, arrautzak egin, eta ugaldu ere egiten dira bertan, «nahiz eta arrautza guztiek ez duten aurrera egiten, eta txitak ez diren beti jaiotzen». Arrautza batzuk jatekoak ere badira.
Hegazti gehiago ere badituzte. «Duela bi urte indioilar ruanoak ekarri genituen, oso politak, beltzak, mokoa zintzilik dutenak, eta zabaltzen duten buztan motza dutenak». Baina ez ziren egokitu ondo, eta hil egin ziren azkar. «Hegazti mota asko izan ditugu, eta batzuk ez dira egokitu, edo ihes egin dute… Izan ditugu oilo txiki eta zuri batzuk, gandor handikoak, pintadak deitzen direnak… Borrokarako oilar bat ere izan genuen behin, batek han utzita, eta urte batzuetan bizi izan zen gurekin».
Pauma, eta abere gehiago
Orain, beste indioilar bat ere badute, pauma bat, buztan luze eta koloretsukoa. 14 urte ditu, eta urmaelaren inguruko erregea izateaz gain, argazkilariei gehien gustatzen zaiena ere bada, buztana zabaltzean egundoko ikuskizuna eskaintzen duelako. Luma luzeak urtero erortzen zaizkio uda ondoren, eta gero berriz atera.
Hegaztiez gain, bi txerri vietnamdar ere izan zituzten. «Pupu eta Lore deitzen ziren. Nire semea txikia zenean ekarri genituen. Urte pare bat edo eduki genituen, baina kendu egin behar izan genituen, oso handiak zirelako guk genuen lekurako». Katuak ere badituzte, ugari, eta «derrigorrean, errota bat izanda bestela saguak izango genituelako. Katu ehiztariak dira».
Horrelako faunarekin, ez da harritzekoa jendea aldaparoaren ondoan argazkiak ateratzen ikustea, edo ahateei eta antzarei ogi koxkorrak botatzean. Zenbat haur igaro ote den bertatik!. «Ogia, gusanitoak, patatak… denetik botatzen die jendeak, harriren bat ere bai tarteka. Inoiz ahateren bat akabatu ere egin dute». Jaten ematera norbait hurbiltzen dela antzematean, edo plastiko hotsa entzutean, antzarak garrasika hasten direla dio Segadek, pozik, eta beldurgarriak izan daitezkeela ere bai, «batez ere mokoa zabaldu eta mingain luzea ateratzen dutenean».
Bitxikeriak
Bitxikeria gehiagotarako ere eman du zoo txiki honek. «Paseko ahateak igarotzen direnean, batzuetan hemen geratzen dira, jatekoa izaten dutelako». Urmaelaren itxituratik ihes egindako ahateak ere izan dituzte, ondoan dagoen bideko trafikoa geldiaraziz, «kotxeek harrapatu ere egin dituzte batzuk». Ihes egindakoen artean, oilar gaizto bat zegoen, «jendea erasotu egiten zuen, hatzaparrekin!». Baina hura hil egin zen, «aldaparora erori, eta ito egin zen!».
Gaur ez dute halako abere «gaiztorik» errotan, eta jendea urmaelera lasai asko hurbildu daitekeela esan du Segadek. Abereaz gain, bertatik «Brinkolako postal tipikoena» ere erretratatu ahal izango dute gainera.












