Madrilgo Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak emandako Espainiako gazta onenaren saria jaso du Joseba Insausti ordiziarrak, Otatza mendiko gaztarekin.
Joseba Insausti ordiziar artzaina.
Espainiako gaztarik onenaren saria jaso duzu. Zein lehiaketa da?
Egia esanda, nik ere gauza handirik ez dakit. Nekazaritzako eta Elikadurako Espainiako Ministerioak antolatzen du, eta Espainiako mota guztietako gazta guztiak lehiatzen dira bertan: ardi, behi, ahuntz gaztak…. Bi sari irabazi ditut: ardi gaztarena eta orokorra, gazta guztiena.
Sari garrantzitsua beraz.
Bai, garrantzitsua da estatuko gazta guztiak lehiatzen direlako. Idiazabalek hainbat urtean sariren bat atera izan du ardi gaztaren atalean, baina sari orokor hori ez. Berezitasun bat badu, gainera, lehiaketak: dastaketaz gain, gaztak aztertu egiten dira laborategian. Nik dakidala beste inon ez da egiten azterketa hori.
Azken aldian Idiazabal gazta ari da nazioarte mailan sariak irabazten.
Euskal Herrian ondo ezagutzen da Idiazabal gazta baina hemendik kanpo lan asko dago egiteko. Estatu mailan ezagutzen diren gaztak Cabrales, Tetilla eta Manchegoa dira. Idiazabal gero eta gehiago ezagutzen da, baina oraindik gutxi. Eta zer esanik ez mundu mailan. Idiazabalek lan handia dauka gure gazta ezagutarazten. Guretzat Idiazabal da onena, baina beste batzuek ere gurea onena dela esateak, beste balio bat dauka.
Kalitatezko gazta egiten duzuela esan nahi du horrek.
Hori da. Urteetan lan asko egin da. Idiazabal, gazta bizi bat da eta buruhauste ikaragarriak ematen dizkigu. Ez da beste gazta batzuk bezala; modu berdinean eginda, beti berdin ateratzen den gaztak badaude. Idiazabalen kasua ez da hori. Kontrolaezinak diren faktore asko dauzka. Gu saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten. Denok ere izugarrizko mimoa jartzen dugu.
Zuk zeuk, bi gazta mota egiten dituzu: Aralarren bertan egiten duzuna eta Zaldibiako etxolan egiten duzuna.
Esan dezagun, nik bi seme-alaba ditudala: bat beheko gazta eta bestea mendiko gazta. Batez ere, beheko gazta egiten dut, eta mendiko gazta gutxiago.
Seme-alabetan mimatuena, ordea, mendikoa duzu.
Niretzat berezia izan da beti mendiko gazta: mendian bertan egiten den gazta galdu ez dadin, borroka moduko batean gabiltzalako artzain batzuk. Aralarren oso bizirik dago mendiko gazta egiteko ohitura hori. Baina linbo moduko batean egon den gazta izan da, ezkutuan saldu beharrekoa, gainera. Orain arte, berez ezin izan dugu saldu osasun erregistrorik ez zeukalako… Azken urteotan, foru aldundiak, nekazaritzako garapen agentziek eta mankomunitateek apustu bat egin dute mendiko gazta gal ez dadin. Hainbat instalazio egokitu eta legeztatu egin dira. Momentu honetan, Aralarren lau artzain gaude mendian gazta egiteko legezko gaztandegia dugunak; Urbian bat.
Zuen filosofiarekin bat egiten ez duenik ere bada, ordea.
Gauza berri bat asmatzen ari garela leporatu izan zaigu, jendea nahasten ari garela. Baina guk ez dugu ezer ere asmatu: Idiazabal, nonbait egin izan bada, Euskal Herriko mendietan egin da. Garai batean, gazta freskoa gehiago saltzen zen behean. Baina menditik gazta garraiatzeko, ondutako gazta bat behar zen. Idiazabal ketua mendian sortu zen, txaboletatan leihorik ez zegoelako. Hemendik kanpo ere, Frantzian eta Suitzan adibidez, beti egin eta bereizi izan da mendiko gazta. Bereizketa horrek gaztari beste balio erantsi bat ematen dio.
Madrilgo lehiaketara mendikoa aurkeztu al duzu?
Bai, aurten, eta iaz ere bai, mendiko gazta eraman dut lehiaketa guztietara. Mendian gazta onik egiterik ez dagoela esaten duenik badago. Nik uste dut, behean bezalaxe, saiatzen bazara, gazta on bat egin daitekeela mendian ere. Eta Madrilgo sari horrek mendiko gaztaren balioa aitortzeko balio izan du. Poz berezia horregatik eman dit: urte askoan «diskriminatuta» egon den gazta bat aitortzeak, estatu mailan aitortzeak.
Etxetik kanpo jaso duzu saria.
Bai, aurten laugarren postua monopolizatuta izan dut hemen: Gipuzkoako lehiaketan laugarren gelditu nintzen, Ordizian eta Euskal Herrikoan ere bai…
Madrilera saria jasotzera joango zara?
Ni ezingo naiz joan, bakarrik nago eta ezin dut artaldea bakarrik utzi. Aitak esaten du ez doala, ama joango da. Norbait joango da. Diplomaren bat ematen omen dute. Nire kasuan bi izango dira.
Zeraingo Javier Muñoaren gazta munduko 50 elikagaien onenen artean dago; Olaberriko Aizpeako gazta Euskal Herriko txapelduna da; eta zurea orain, Espainiako gaztarik onena izendatu dute.
Bai, Goierrin gazta ona egiten da. Bat Aralarreko gazta da, bestea Urbiakoa eta hirugarrena, Zeraingo mendietakoa.