La Salle oso pozik itzuli da Granollerseko eskubaloi torneotik
Legazpitik zortzi taldek parte hartu dute txapelketan, 80 inguru jokalarik. Kirol lorpenez harago, han bizitako esperientzia nabarmendu dute klubeko ordezkariek.

Legazpiko La Salle eskubaloi kluba oso pozik itzuli da aurten ere Granollerseko nazioarte mailako torneotik. “Oso balorazio positiboa” egin dute legazpiarrek Herrialde Katalanetan igarotako kirol asteburu luzetik. Ekainaren 25etik 30era bitartean izan dira han, eta Legazpiko espedizioa 150 inguru lagunek osatu dute.
Granollerseko torneoaren 25. edizioa zen aurtengoa, eta legazpiarrek parte hartzen zuten 15. aldia. Eskubaloi txapelketa honetan bost kontinenteetako eta 21 herrialdetako 7.000 inguru jokalarik parte hartu dute, 431 taldetan banatuta.
Talde horietatik zortzi Legazpikoak ziren, kimu mailatik jubenil mailara arteko 80 neskek eta mutilek osatutakoak. Horiez gain, 15 entrenatzaile eta begirale, eta hainbat familiarteko eta lagun ere izan dira taldean. “Legazpiarren presentzia ikusgarria izan da, 150-bat lagun elkartu gara han eskubaloiaz eta txapelketa honen ikur den festa giroaz gozatzeko”, La Salleko ordezkariek azaldu dutenez.
Gainera, kategoria ezberdinetan lortutako kirol emaitzak azpimarratu dituzte, hiru ekipok lortu zutelako taldekako fasea gainditzea. “Neska kadeteen lorpena nabarmendu nahi dugu bereziki, Norvegiako talde bati irabazi ziotelako kanporaketa faseko lehen partida”.
Baina kirol emaitzez harago, La Sallek “balio handiagoa” eman nahi dio nazioarte mailako horrelako ekitaldi batean parte hartzeak suposatzen duen “gizaki eta heziketa mailako esperientziari”.