Igande goizean egingo dute jaialdia ikastola aurrean. Urbialde plaza azpiko 1.200 metro egokitu dituzte. 2016-2017 ikasturtetik aurrera 0-16 urte arteko hezkuntza eskainiko du
Aimar Larrea, Ainhoa Garin eta Tere Irastortza.
Igandea, hilak 17, egun handia izango da Beasaingo Andramendi Ikastolarentzat. Hainbeste urtean borrokatu izan duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 12 eta 16 urte bitartekoen heziketa eskaintza lortu duela ospatzeko festa egingo baitute. Ia 20 urte dira Andramendi Ikastola sortu zutela eta urte hauetan guztietan oztopo ugari gainditu behar izan badituzte ere, ekinaren ekinaz, lortu dute 0-16 urteko etapa guztia osatzea eta eskaintzea.
2016-2017 ikasturtean jarriko dute martxan, DBHko lehen maila eta pixkanaka joango dira gela berriak betetzen. Andramendi kastolatik jakinarazi dutenez, «2015eko udaberrian jaso genuen DBHko behin-behineko baimena. Irailean obrak hasi ziren eta jada DBH emateko beharrezko diren 1.200 metroak obratu dira, 2010eko Lege Dekretura egokitzeko».
Urbialde plazaren azpian, orain arte Ikastolaren jangela dagoen lekuan eta garai batean HITZAK bulegoan izan zuen gunea, egokitu dute DBHrako. «Oraindik hornitu gabe ditugu, baina egokitze lanak bukatu ditugu», dio Tere Irastortza ikastolako zuzendariak.
Urbialde plaza bera ere obratan izan da azken hilabeteetan eta datozen asteetan bukatuko dituzte lanak. Jolastokia ere berrituta izango du, beraz, Ikastolak. Urbialde plazan bertan egingo dute igandeko ekitaldia. Irastortzak aurreratu duenez, ikasle ohiekin, ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin, bazkideekin eta hainbeste urtean isilean lagundu izan dituztenekin ospatu nahi dute festa. Euria eginez gero, udaletxe azpian egingo dute ekitaldia.
2016-2017 ikasturtean
Hasierako urteetan ikasle kopuru txikia izan bazuen ere, gaur egun 283 ikasle eta 26 langile ditu Andramendik. 2016-2017a 300 ikaslerekin hastea aurreikusten dute.
Egitaraua
11:00. Igartzatik buruhandi eta erraldoiak.
12:00. Ekitaldi nagusia.
13:00. Gela berriak ikusi.
13:30. Mokadua.
14:00. Kalejira.
Tere Irastortza ikastolako zuzendaria: “Igandeko jaialdian 450 bat lagun elkartuko gara gutxienez”
Ia 20 urte dira Andramendi Ikastolak bere ibilbidea hasi zuela.
Bai, 2016-2017 ikasturtean 20 urte beteko ditugu Alkartasuna Lizeoaren publifikazioaren ondoren hasi zela. Beasainen ikastola sortu zenetik 50 urte bete ditugu baina Andramendi izan zen Lizeoaren proiektuari ikastola bezala jarraipena eman ziona eta harrezkero 20 urte beteko ditugu. Zail samarrak izan dira 20 urteak.
Oztopo asko izan dituzue 20 urteotan. Baina gaur egun Ikastola proiektua sendotuta dago.
Bai, oztopo guztien gainetik eta amets guztien azpitik aritu gara. Aurten 283 ikasle ditugu eta datorren ikasturtean 300 ikasle baino gehiagorekin hastea espero dugu. Lau urtean, 400 eskas izango ditugula aurreikusten dugu.
Orain, 0-16 urte bitarteko hezkuntza eskainiko duzue datorren ikasturtetik aurrera.
Zer suposatzen du Andramendi Ikastolarentzat DBH lortzeak?
Lehenik eta behin, Beasain bezalako herri batean eta euskararen erabileraren egoera ikusita, euskara herriaren erdigunean indartzeko aukera handi bat da. Gure eskaintza 16 urtera bitarte luzatuta, ikasleek zentzu kritikoagoa duten fase guzti hori gainditu arte egongo dira. Punta-puntako hiztunak lortzen ditugu gure ikastolan, eta gainera euskaraz bizitzeko asmoa dutenak.
Bigarrenik, Ikastolen Elkartean egonda eta kooperatiba bat izanda talde lana eta elkarlana funtsezkoa da guretzat. Horrela izan da irakaskuntza antolatzeko moduan eta beharbada hori erakusteko DBHk aukera gehiago ematen du. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan egiten den lana ez da ikusten bigarren hezkuntzara bitartean. Alde horretatik, talde lana, sorkuntza, euskal curriculumaren indarra oso garrantzitsua izango dela uste dugu.
Ziklo berrian irakasle gehiago ere beharko dituzue.
Krisi egoera honetan ikastola bezala handitzen ari gara eta gero eta langile gehiago dauzkagu. Oso talde eragile ona daukagu eta erronka da 12-16 zikloan beste talde indartsu bat sortzea eta talde horrek edukiko lituzke, lehen esandako ardatzez gain, teknologia berrietan apustu fuerte bat egiteko helburua. 12-16 urteko adin horretan ere hautazko ikasgaiak talde lanera bideratuko ditugu.
Etorkizunean Batxilergoa eskaintzeko aukera izango zenukete?
Hori beste momentu bat izango da. Oraingoz, DBHaren bide horri ekin behar diogu eta ojala, baina epe ertainean ez daukagu bistaratua.
Nola ospatuko duzue?
Gurekin nahiko modu isilean, eta askotan jendeak ikusten ez duen tokietatik lagun izan ditugunekin ospatuko dugu. Jende asko izan dugu inguruan, ez Beasainen bakarrik. Bazkideak, bazkide laguntzaileak, Andramendirekin loturarik izan ez dutenak baina asko lagundu digutenak. eskerrak emanez ospatuko dugu. Bestetik, gure ikasleek eta ikasle ohiek ere parte hartuko dute. 450 bat lagun gutxienez izango gara festan.