Herri krosaren 37. edizioa izango da aurtengoa. Igandean da, eta parte hartu nahi duenak ostiralerarte eman dezake izena. Javier Nagore nafarrak errekor berria jarri zuen iaz

Ate joka ari dira dagoeneko Idiazabalgo San Blas jaiak. Datozen egunetan, bi asteburu barne direla, izango da zer ikusi eta non gozatu Idiazabalen. Lehenengo astebukaera honetan, kirola eta musika izango dira protagonista; Herri Krosa, sokatira txapelketa, plater tiraketa, txistularien alardea eta haurren danborrada izango dira besteak beste.
Idiazabalgo Kirol Elkarteak antolatuta 37. Herri Krosa egingo dute igande goizean. Parte hartu nahi dutenentzat, oraindik irekita dago izena emateko epea, bihar arte,
www.kirolprobak.com webgunean. Dortsalak, igandean bertan jaso daitezke Idiazabalgo plazan, 11:30ak baino lehen.
Kategoriaren arabera aterako dira korrikalariak. 10:45ean neska-mutil benjamin, alebin eta infantilen txanda izango da. Benjaminek, 600 metro egin beharko dituzte, alebinek 1.100 metro , eta, infantilek, 1.600. Kadeteak, helduak eta beteranoak, berriz, 12:00etan aterako dira. Kadeteek 3.525 metro egingo dituzte, eta heldu eta beteranoek dezente gehiago: 10.245 metro.
Ia lau hamarkada

Iazko proba. // Arg.: Guillermo Urrestarazu
1980ko hamarkada hasiera zen eta garai hartan horrelako proba gutxi zegoen. Donostiako maratoia urte pare bat lehenago sortu berri zen eta hura hartu zuten erreferentzia bezala, Idiazabalen ere, antzeko proba bat egin zitekeelakoan. 1981ean egin zuten aurreneko edizioa eta 70 lagunek parte hartu zuten. Gaur egun, haur eta helduen artean 900 eta 1.000 lagun artean ateratzen dira urtero.
Lau hamarkada betetzeko bidean den probak aldaketa ugari izan ditu bere historian zehar, beti ere, garaian garaiko beharretara egokituz. San Blas festen aurretik egin izan da urte askoan Idiazabalgo herri krosa, beste batzuetan ordea, egutegiak hala behartuta, jaietako asteburu nagusian egin izan da.
Bosgarren ediziotik aurrera, hasi ziren antolatzen haurrentzako lasterketa eta 300 bat gaztetxok hartu ohi dute parte.
Ibilbideak ere izan ditu hainbat aldaketa urte hauetan guztietan. Idiazabal, aldatzen joan da urteen poderioz, eta horrek ibilbidean hainbat aldaketa egitea eragin du. Dena den, lasterketa beti ibili izan da 10 kilometroren bueltan.
Iazkoa, krosik azkarrena
Urtetik urtera hazten ari da Idiazabalgo Herri Krosa. Lehenengo edizio haietatik, urtez urte geroz eta jende gehiagok hartzen du parte, eta maila ere igoz joan da. Joan den urtekoa, ediziorik azkarrena izan zen. Kategoria orokorrean, errekor berria jarri zuen Javier Nagorek, 31:38ko denborarekin. Podiuma Aitor Etxeberriak eta David Martinek osatu zuten. Herriko lehenengoa Sergio Serrano izan zen (36:06)..
Emakumezkoei dagokienean, Izaro Rubio ordiziarra izan zen azkarrena, eta ibilbidea 39:13an osatu zuen. Bigarren, Elena Frechilla sondikatarra sailkatu zen, eta hirugarren Ainhoa Lekuona tolosarra. Herriko lehenengoa Naroa Garmendia izan zen, 48:13ko denborarekin.
EGITARAUA: