Krisia, azpiegiturak eta herritarrak dira Ordiziako EAJren lan ardatzak
Ordiziako EAJren zerrendakideek atzo egin zuten Barrena jauregian udal eta foru hauteskundeetako kanpainari bukaera emateko ekitaldia. Jose Migel Santamaria egungo alkate eta EAJren alkategaia buru dela, datozen lau urteetarako Ordiziarako dituzten proposamenak eta lan ildoak aurkeztu zituzten. Han ziren EAJren zerrendan doazen hautagai gehienak, baita bukatzear den legealdian zinegotzi izandakoak ere. Hiru dira datorren legealdirako EAJk dituen lan-ardatzak: krisi ekonomikoari aurre egitea, etorkizunerako azpiegiturak eta herritarrak. Santamariaren kudeaketari buruz “balantze oso positiboa” egiten du Ordiziako EAJk, eta haren izaera eta gizatasuna goratu dituzte. “Ordiziarako proiektu garrantzitsuak ditu, Ordiziaren izaera aldatuko dutenak. Hauteskundeei aurre egiteko talde oso ona dugu, eta Josemi [Santamaria] buru dugula, Ordizia berria eraikiko dugu”. Horixe da, hain zuzen, Ordiziako EAJk hauteskundeetarako darabilen goiburua: Ordizia berria. Beste pausu bat aurrerantz. Lanerako bi printzipioak Azken lau urteetan “aurrerapausu handi, sakon eta sendoa” egin dutela dio Santamariak. Bi printzipio izan dituzte lanerako: “Batetik, gertutasuna, eta bestetik, inplikazioa”. Haren esanetan, “hausnarketa sakon” baten ondoren sortu dute Ordizia berria proiektua. “Esperientzia eta ezagutza lortu ditugu lau urteotan, eta egindako lan hau ezin da gelditu, aurrera jarraitu behar dugu. Proiektu berriei aurre egiteko legealdi erabakigarria da”. Krisiari aurre egin Hiru ardatzetan oinarritu du udal programa EAJk, eta horietatik lehena krisi egoerari aurre egitea [...]
Ordiziako EAJren zerrendakideek atzo egin zuten Barrena jauregian udal eta foru hauteskundeetako kanpainari bukaera emateko ekitaldia. Jose Migel Santamaria egungo alkate eta EAJren alkategaia buru dela, datozen lau urteetarako Ordiziarako dituzten proposamenak eta lan ildoak aurkeztu zituzten. Han ziren EAJren zerrendan doazen hautagai gehienak, baita bukatzear den legealdian zinegotzi izandakoak ere. Hiru dira datorren legealdirako EAJk dituen lan-ardatzak: krisi ekonomikoari aurre egitea, etorkizunerako azpiegiturak eta herritarrak.
Santamariaren kudeaketari buruz “balantze oso positiboa” egiten du Ordiziako EAJk, eta haren izaera eta gizatasuna goratu dituzte. “Ordiziarako proiektu garrantzitsuak ditu, Ordiziaren izaera aldatuko dutenak. Hauteskundeei aurre egiteko talde oso ona dugu, eta Josemi [Santamaria] buru dugula, Ordizia berria eraikiko dugu”. Horixe da, hain zuzen, Ordiziako EAJk hauteskundeetarako darabilen goiburua: Ordizia berria. Beste pausu bat aurrerantz.
Lanerako bi printzipioak
Azken lau urteetan “aurrerapausu handi, sakon eta sendoa” egin dutela dio Santamariak. Bi printzipio izan dituzte lanerako: “Batetik, gertutasuna, eta bestetik, inplikazioa”. Haren esanetan, “hausnarketa sakon” baten ondoren sortu dute Ordizia berria proiektua. “Esperientzia eta ezagutza lortu ditugu lau urteotan, eta egindako lan hau ezin da gelditu, aurrera jarraitu behar dugu. Proiektu berriei aurre egiteko legealdi erabakigarria da”.
Krisiari aurre egin
Hiru ardatzetan oinarritu du udal programa EAJk, eta horietatik lehena krisi egoerari aurre egitea da. “Udalak ez ditu eskumen asko horri aurre egiteko, baina arauak eta antolamendua garatuz ondorio ekonomiko egokiak lor daitezke herriarentzat”. Hiri antolamenduaren barruan “lurzorua balioan jartzea” lehenesten du, “ordiziarrek herrian lan egiteko aukera izateko”. Goierri Berrikuntza Gunearen sorrera eta Arkarteko industrialdearen proiektua ere nabarmendu zituen. “Gure helburuetako bat enplegua sustatzeko politika aktiboak sustatzea da”. Sustapen ekonomikoa izeneko batzordea sortzea ere proposatu zuen. Azokari eta lehen sektoreari bultzada emateko “zuzeneko salmentak egiteko bidea” egingo du, eta herriko merkataritza sektorearekin lanean jarraituko du. Turismoari ere dagokion garrantzia emateko deia egin zuen.
Proiektuak eta azpiegiturak
Santamariaren arabera, Ordiziak “urrats handia egin du aurrera” azken 25 urteetan, eta bide horretan sortu diren proiektu eta azpiegiturak “berriz zehazteko unea iritsi” dela uste du. San Joan auzoan 95 etxebizitza martxan direla, eta datorren legealdian denak bukatuta egotea espero duela esan zuen. Alokairu sozialeko etxebizitzak ere bultzatuko dituztela iragarri zuen, baina Ordiziako “garapen sozioekonomikoari bultzada emango dion proiektua” San Bartolomekoa dela iritzi dio. “Trenbidea lekuz mugitzea ezinbestekoa da Ordizia gara eta hazi dadin. EAJk, Espainiako Aurrekontu Orokorretan, 1,4 milioi euro lortu ditu trenbidea mugitzeko exekuzio proiektua egiteko”, gehitu zuen. Kulturan, kirolean, eta irisgarritasun eta mugikortasun alorretan dituen asmoen berri ere eman zuen.
Bizitza eta elkarbizitza
“Bizitzeko eta elkarbizitzeko” Ordizia eraiki nahi du alkategaiak, “baloreetan, guneetan eta pertsonetan oinarrituta”. Betiko baloreak –lana, esfortzua, errespetua…– bultzatzearen alde hitz egin zuen, eta gaur Azkoitian aurkeztuko duten Baloreen Eskola ekimenera atxikitzen lehen herria Ordizia izateko lan egingo duela adierazi.