Luis Miguel Heras: «Realaren une onena barrutik ezagutzea pribilegioa izan da»
(Gipuzkoako Hitza, 2011-9-23). Realaren garairik loriatsueneko kide izan zen Luis Miguel Heras (Aizpurutxo, Azkoitia, 1956). Baina txuri-urdin igaro zituen hiru denboraldien oroitzapen gazi-gezak ditu: batetik, inoizko lorpenik handienak eskuratzen aletxoa jarriaren ohorea; bestetik, 25 urterekin, aurkitzen ez zioten arazo fisiko batek eraginda, behar baino azkarrago taldea utzi behar izatearen garraztasuna. Aizpurutxon jaioa da, baina Zumarragan egin du bizimodua Herasek. Futbola utzi zuenean, Arkupe kafetegia jarri zuen herriko plaza nagusian. Geroztik, barraren atzean jarraitu du lanean aurrelari izandakoak. Futbola, eta inoizko Real onena, lankide du une oro, hala ere. Tabernako hormetan argazki historiko ugari ditu: Ligan lehen gola —eta bakarra— sartu zuenekoa, Real Madrilen aurka, Atotxan; talde txapelduna oso-osorik, hamaikako titularretan pikotxean, Atotxa zaharra… Realera jauzi batean iritsi zen, 15 urterekin. «Auzoko emakume zale batek lotura bazuen klubarekin, eta herriko mutiko batek oso ondo jokatzen zuela esan zien. Nik uste erdi txantxetan erantzungo ziotela, nahi banuen joan nendila proba egitera. Kirol poltsa hartu, eta han azaldu nintzen. Hasieratik oso serio hartu nuen». Hala hasi zen futbolari profesional izango zen Herasen aroa. «Zerbait ikusiko zidaten», dio, umil. Gazteen maila eta Sanse igarota, 21 urterekin lehen taldean zen, taldekide mitiko batzuen artean: Arkonada, Olaizola, Zelaieta, Gajate, Kortabarria, Zamora, Diego, Alonso, Lopez Ufarte, Idigoras, [...]
(Gipuzkoako Hitza, 2011-9-23). Realaren garairik loriatsueneko kide izan zen Luis Miguel Heras (Aizpurutxo, Azkoitia, 1956). Baina txuri-urdin igaro zituen hiru denboraldien oroitzapen gazi-gezak ditu: batetik, inoizko lorpenik handienak eskuratzen aletxoa jarriaren ohorea; bestetik, 25 urterekin, aurkitzen ez zioten arazo fisiko batek eraginda, behar baino azkarrago taldea utzi behar izatearen garraztasuna.
Aizpurutxon jaioa da, baina Zumarragan egin du bizimodua Herasek. Futbola utzi zuenean, Arkupe kafetegia jarri zuen herriko plaza nagusian. Geroztik, barraren atzean jarraitu du lanean aurrelari izandakoak. Futbola, eta inoizko Real onena, lankide du une oro, hala ere. Tabernako hormetan argazki historiko ugari ditu: Ligan lehen gola —eta bakarra— sartu zuenekoa, Real Madrilen aurka, Atotxan; talde txapelduna oso-osorik, hamaikako titularretan pikotxean, Atotxa zaharra…
Realera jauzi batean iritsi zen, 15 urterekin. «Auzoko emakume zale batek lotura bazuen klubarekin, eta herriko mutiko batek oso ondo jokatzen zuela esan zien. Nik uste erdi txantxetan erantzungo ziotela, nahi banuen joan nendila proba egitera. Kirol poltsa hartu, eta han azaldu nintzen. Hasieratik oso serio hartu nuen». Hala hasi zen futbolari profesional izango zen Herasen aroa.
«Zerbait ikusiko zidaten», dio, umil. Gazteen maila eta Sanse igarota, 21 urterekin lehen taldean zen, taldekide mitiko batzuen artean: Arkonada, Olaizola, Zelaieta, Gajate, Kortabarria, Zamora, Diego, Alonso, Lopez Ufarte, Idigoras, Satrustegi. Baita Gaztelu, Otxotorena, Gorriz, Uralde, Iriarte, Esnaola, Bakero eta Larrañaga ere. Eta Heras. Gidari, Ormaetxea. «Pribilegiatua izan nintzen. Realaren historia guztiko garairik onenak ezagutu ditut, barrutik».
Hirugarren, bigarren, eta txapeldun
Alberto Ormaetxearen konfiantza osoa zeukan. 1978-79ko denboraldia zen. «Hark igo ninduen lehen taldera. Lehenengo partidatik sartu ninduen, eta deialdiko hamabost jokalarietako bat izaten nintzen. Burgosen kontra egin nuen debuta. «Hamabost-hamasei partida jokatu nituen urte hartan. Hirugarren geratu ginen; arrakasta handia zen. Baina hurrengoan bigarren izan ginen, eta partidarik galdu gabeko marka jarri genuen».
Ligan galdu gabe partida gehien egon den taldea Reala da, oraindik: denboraldi berean 32 jardunaldi. Bartzelona errekorra haustekotan egon zen, aurtengo apirilean. «Bitxia da, baina Realak eragotzi zion, Anoetan irabazita». Marka hori gehiago ez luzatzeak ondorio latzak ekarri zituen bere garaian. 1979-80ko Ligako azken-aurreko jardunaldian, Sevillarekin, lehen Liga izan zitekeena esku artetik joan zitzaien. Ondo gogoan du Herasek: «32 partida generamatzan galdu gabe. Sevilla bederatzi jokalarirekin ari zen; bana gindoazen, eta 2-1 galdu genuen. Han joan zitzaigun txapela. Azken partida, etxean, Atletico Madrili erraz irabazi genion. Txapeldun moral geratu ginen, ezertarako balio ez badu ere. Baina hor dago hori».
Hurrengo urtean bai: Realak irabazi zuen 1980-81eko Liga. Paradoxikoki, kluba gailurrerako bidean zihoala, Herasi infernu pertsonaleko atea ireki zitzaion. «Denboraldi-aurreko partida batean izan nuen lesioa, Irungo Galen. Sarrera oso gogorra egin zidaten, eta denboraldi osoan ezin izan nuen jokatu. Orkatilako lotailua puskatuta neukan, baina ez zidaten aurkitzen. Bihurritua zela uste zuten medikuek. Igeltsatuta eduki nuen, baina ezer ez. Txapeldun izandako urtea kanpotik bizi izan nuen».
Taldea historia egiten, eta berak ezin jokatu. Etsipenaren arantza, barruraino. Hala ere, lorpen haren zati, kide, egile sentitzen da Heras. «Bai horixe. Bizi izan dut, han egon naiz, une asko igaro ditut haiekin, kontzentrazioetan eta zelaian. Lorpen haren zati sentitzen naiz. Lesioek urrundu ninduten taldetik, zorte txarrak».
Gijongo partida ospetsuan, azken minutuko Zamoraren golekoan, ez zen han. «Gabirian nengoen. Autoan entzun nuen partida, irratitik; guztitik aparte, kontzentratuta. Ezin nuen sinistu, berriz ere ez zela lortuko pentsatzen hasita bainengoen. Eztanda jauzi bat egin nuen, gipuzkoar eta realzale guztiek bezala. Gero, Forondako aireportura joan ginen guztiok, eta autobusean etorri. Hamabi ordu igaro genituen, Gipuzkoa osoan barrena».
Bigarren txapelaren urterako, Realetik joana zen. Burgosen, Alavesen, Lorcan eta Alziran ibili zen, Bigarren Mailan. Lotailuaren lesioa konpondu-edo egin zioten, bere kabuz Bartzelonara joanda. Beste bitan eten zitzaion. Oztopoak oztopo, futbolak «konfiantza, lagunak eta, batez ere, neure burua baloratzen ikasteko modua» eman dizkio.