'Musti' Mujika, Realarekin Kopako bi finaletan izan zen zumarragarra
Realak Kopako finala jokatuko du larunbatean, 21:00etan, Atletico Madrilen aurka. 2021ean ere jokatu zuen (baita irabazi ere), baina ikuslerik gabe, pandemia dela eta. Ikusleekin jokatu zituen azken bi finalak 1987koa eta 1988koa dira. Bi final haietan zumarragar bat zegoen Realeko jokalarien artean: Juan Mari Musti Mujika. Lehenengoa Atletico Madrilen aurka jokatu zuen. Mujikak azken minutuak jokatu zituen, Zamora handia ordezkatu zuen, eta Realari garaipena eman zioten penaltietako bat sartu zuen. Final hura Zaragozan jokatu zen. 1988ko finala Madrilen jokatu zuten, Bartzelonaren aurka. Mujikak ez zuen jokatu. Realak 0 eta 1 galdu zuen.
Mujikak 171 partida jokatu zituen Realarekin eta 11 gol sartu zituen, bost denboralditan (1985-1986tik 1989-1990era). 1990ean Deportivorekin fitxatu zuen eta lehen denboraldian Lehen Mailara igo zen. Lehen Mailan Superdepor izena eman zioten eta Mujikak bi denboralditan 18 partida jokatu zituen eta gol bat sartu zuen.
Ondoren, Deportivo Alaves taldean jokatu zuen. Bere bigarren denboraldian Bigarren Mailara igotzea lortu zuten. Kanarietako Union Deportiva San Pedro taldean jokatu ondoren (2.B mailan), Urolara itzuli zen. 2001eko ekainean auto istripu larria izan zuen eta koman gelditu zen. 2003an Realeko eta Real Madrileko beteranoek Anoetan partida jokatu zuten, bere alde. 2004an hil zen.













