
Eguraldiak azokan eragina duenik ezin da ukatu, eta atzoko giro onak utzi zuen arrastorik ferian ere. Oraindik ere zenbait barazki landatzeko aguro xamar da, hala nola tomateak, baina landare saltzaile guztiek ekarriak zituzten, erosleen tentagarri. Oraingoz, ordea, tentazioari eustea hobe, kanpo librean aldatzeko garaizegi baita oraindik.
Eta eskaintza zabala izateaz gain, erosle faltarik ez du izan hazitako patatak. Javier La Calle aguraindarrak aurreratu zigun joan zen astean prest zuela, baina eguraldiak lagundu ezean, alferrik zela ekartzea. Atzo denak alde, eta lanerako gogoarekin baita jendea hurbildu ere. «Goizeko hamarretarako zaku piloak ederki egin du behera» aipatu zigun umorez. Berrogeita hemezortzi urte daramatza Javierrek feriara astero etortzen, liburu irekia bailitzan, bitxikeria eta istorio jario ederra du. Patata kontuari dagokionez, berriz, esperientziak emandako jakituri aberatsa: «Agria motakoa da gehien saltzen dena, zalantzarik gabe; eta normala da, bera baita onena. Berandu arte irauten du ernemuinetu gabe, frejitzeko primerakoa eta txarra ez egosteko. Kolorez berriz urrea bezain horia, zer gehiago eskatu?». Hala ere Jaerla –goizeko patata– eta «egosteko onena» den Spunta motakoak ere ekarri ohi ditu. Eta beste mota batzuk ere ekar ditzake, bezeroek kapritxora hala eskatuko balute. Prezioari dagokionez, 0,65 euroan kilo bakan batzuk erosiz gero, eta 25 kiloko zakua 15 euroan; 0,60an kiloa, alegia.
Bestalde aipatu, sagar saltzen aritu ohi den Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak etortzeari utziko diola; «gehientxoena saldu dut eta hurrengo uztaila hasiera arte edo…» hala aurreratu digu.
Muestrarako lain udaberriko ziza baziren Lasaren postuan; 60 bat gramo zituen, kiloko 160 euroko proportzioan salgai.
Granadako patata berria
Hemen ereiteko oraindik, Granadako Motril herrian biltzen ari dira ia; patata berriaz ari gara. Kanpoko produktuak saltzen dituztenen postuetan salgai zen, 1,45 euroan kiloa. Marrubiak garestitu egin dira, izan ere, Huelvatik ekartzen dituzte gehienak eta hango euriek eta elurteek atzeratu eta zaildu egin dute fruitu honen bilketa; prezioen gorakada horren ondorio dela adierazi dute Rueda sendikoek.