Uraren inguruko ekintza sorta antolatu dute Beasainen
2013a uraren arloko elkarlanerako nazioko urtea dela aitzakia hartuta, Beasaingo Udaleko Ingurumen departamentuak, uraren inguruko hainbat ekintza antolatu ditu. Batetik, Beasain 1909-2013 Uraren erakusketa egongo da ikusgai irailaren 7tik 15era, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik-20:00etara. Bertan Beasaingo ur edangarriaren iturriak eta auzo iturriak, ur etorreraren ibilera (Beasaina lehen aldiz ur edangarria iritsi zenetik Arriarango urtegia eraiki zen arte), 1953 eta 1983 urteetako uholdeetako argazkiak, azken urteetan erreketan egindako hobekuntzak (ubideak egokitu, presak kendu..) uholdeak
Egurrezko presa ere ikusgai egongo da. Presa hau 1983ko uholdeen ostean agertu zen Igartza jauregiaren ondoan eta tratamendu berezi bat eman ostean, ikusgai dago Igartza jauregiaren azpian. Munduko egurrezko presa musealizatu bakarra dela ziurtatu dute prentsaurrekoan. Josetxo Zufiaurre etnografoak azaldu duenez, “presan biltzen zen lokatzari esker mantendu zen hain egoera onean hainbeste urtean”, lokatzetan egurra hobeto mantentzen delako.
Erakusketaz gain, iralaren 11n, arratsaldeko 19:00etan mahai-inguru bat egongo da Josetxo Zufiaurre beasaindarra, Juantxo Agirre tolosarra eta Mertxe Urteaga lazkaotarra lagun hartuta, urak gure ingurunean duen garrantziaz konturatzeko.
Horrez gain, Igartzan Oria errekaren garbiketa egingo dute iralaren 14ean. 10:00etan bisita gidatua egingo dute, 11:15ean garbituko dute erreka eta 12:30ean mokadutxoa izango dute.