Estrasburgoko epaiak ateak irekita utzi dizkie Goierriko hiru presoei
Estrasburgoko Areto Nagusiko hamabi epaileek Ines del Rio euskal presoa berehala aske uzteko agindu dio Espainiako Auzitegi Nazioanalari. Gainera, 2008tik legez kanpo dagoela espetxean ere gaineratu du. Parot doktrinak atzeraeragintasun printzipioarekin talka egiten du eta giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du.
Del Rio bezala, beste 59 euskal preso daude egoera berean gaur egun. Horien artean Gonzalo Rodriguez ezkio-itsasoarra eta Kepa Solana eta Juani Delgado legazpiarrak. Bere erabakiarekin mugarri bat ezarri du Estrasburgok Espainiaren espetxe politikan, baina Del Rioren aldeko epaiak preso goierritarrentzat ere balio duen ikusteko dago oraindik.
Prozesua luzatu egin daiteke
Espainiako gobernuak adierazitakoaren arabera, epaitegietan prozesu hauek zailtzen saiatuko da ingeniaritza juridikoa delakoaz baliatuta. Preso bakoitzaren kasuak banan banan aztertu beharko dituztela eta, prozesua denboran luzatu egin daiteke, kaleratzeak atzeratuz.