Goierrin ere, tantaz tanta
Giza eskubideen errespetua oinarri, garaile eta garaiturik gabeko jendarte bat» lortzeko, euskal presoen sakabanaketarekin amaitzeko, gaixo dauden presoak libre uzteko eta isolamenduarekin eta tratu txarrekin amaitzeko eskatuko dute bihar Bilbon. Tantaz tanta, itsasoa gara lelopean «pertsona guztien giza eskubideen errespetua eta presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera» eskatuko dute.
Etxeratek jakinarazi duenez, 520 dira EPPK-ko presoak, eta horietatik sei bakarrik daude Euskal Herriko kartzeletan.
Goierriko euskal presoei dagokioenez, 25 dira Espainiako eta Frantziako espetxetan daudenak. Zerrenda aldatu egin da azken hilabeteetan, Parot dotrina bertan behera geratuta, hiru izan baitira libre gereatu diren preso goierritarrak: Legazpiko Kepa Solana eta Juani Delgado eta Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguez –GoiBerri aldizkarian Solanari eta Delgadori egindako elkarrizketa eta bideoa ikusi litezke–. 2013an libre geratu den laugarren presoa Leire Lopez Beasaindarra izan da.
Datozen aste eta hilabeteetan, gainera, zerrenda laburtzen joango da. Datozen orduetan edo egunetan, esaterako, Kai Saez de Egilaz preso beasaindarra aske geratuko da. Kondena amaituta, Frantziatik Madrilera eramango dute gaur, eta izapide administratiboak igarota geratuko da libre.
Oraindik Espainian eta Frantzian preso dauden 25 presoen artean, Inma Berriozabalen kasua da larriena. Gaixo dago kartzelan, A Laman (Pontevedran), Zegamatik 720 kilometrora. Mila Ioldi ataundarra eta Belen Gonzalez lazkaotarra etxean daude preso, gaixotasun larri batekin.
Lierni Armendariz beasaindarra eta Zaldibiako Oskarbi Jauregi, berriz, umearekin batera daude Piccasenteko espetxean, Valentzian (Espainia). Armendarizen bikotea ere preso dago –Mansilla de las Mulas espetxean, Leonen–, eta orain urte bete baino gehiago biak elkartzeko egindako eskaria ez dute onartu oraindik.
Bihar Bilbon egingo duten ekitaldia dela-eta, euskal presoek ez dute bisitarik jasoko kartzeletan. Gainerakoan, baina, asko dira astebururoko bisitetan senideek egiten dituzten kilometroak. Goierritarren kasuan, Puertoko espetxean (Cadiz, Espainia), daduden Xabier Zeberioren eta Rufino Arriagaren senideek egin behar dituzte kilometro gehien, 1.132 kilometro. Preso goierritarrik ez dago Euskal Herriko kartzeletan.
Autobusak herrietatik
Atzo arratsaldean fiskaltzak biharko ekitaldia bertan behera uzteko eskatu zuen, baina aldaketarik ezean, Goierriko 18 herritatik aterako dira autobusak, goizez nahiz arratsaldez. Hala, azken asteetan eskualdean egindako ekitaldiak Bilbon itsasoratuko dira bihar.
- Beasain. Bi autobus egongo dira: 10:00etan eta 15:30ean. Geltokitik aterata. Arranon eman behar da izena.
- Urretxu-Zumarraga. 10:00etan (Motz tabernan eman behar da izena) eta 15:00etan. Areizaga-Kalebarren plazatik. Izena emateko: Amalurren, Gaztetxean eta LABeko egoitzan.
- Legazpi. 10:00etan eta 15:00etan, Elizondotik. Izena emateko: Gaztetxean, eta Karibe Zaharra, Kukue eta Oilarra tabernetan.
- Ordizia. 10:00etan eta 15:00etan. Izena emateko Herrikoan, Pottokan eta Barrenan.
- Lazkao-Olaberria. 10:00etan (ia beteta dago) eta 14:45ean (Olaberrian) eta 15:00etan (Lazkaon). Izena emateko: Giroan, Albokan eta Herrikoan.
- Itsasondo. 15:00etan, udaletxe aurretik irtenda.
- Legorreta. 15:00etan (beteta dago).
- Ataun. 09:15ean San Gregorion eta 09:30ean San Martinen. Arratsaldean 15:00etan eta 15:15ean.
- Zaldibia. 15:00etan, plazan.
- Segura. 15:00etan, plazan. Izena tabernetan eman behar da.
- Ormaiztegi. 15:00, udaletxetik. Izena emateko udaletxean.
- Idiazabal. 15:30ean, plazan (beteta dago).
- Zegama. 15:00etan, kooperatibatik. Izena emateko Itzalan.
- Gabiria-Ezkio-Itsaso. 14:50ean Gabirian, 15:00etan Santa Lutzin (udaletxean). Izena emateko 699 50 34 64 telefonora deitu behar da.
- Zerain. 15:00etan, autobus geltokitik. Izena tabernetan eman behar da.












