Legazpiko PSE-EEk ekonomatoa ez erostea eta komunikazioan aurreztea proposatu du, gehiago inbertitzeko
Legazpiko PSE-EE alderdiko zinegotziek 2015ko aurrekontuetarako proposatuko dituzten ekimenak aurkeztu dituzte. Ekonomatoa ez erostea eta komunikazioan gutxiago gastatzea proposatu dute, aurreztutako diruarekin Itxaropenen, gizarte zentroan, Urtatzan eta Laubiden lanak egiteko eta Junetorri autobuseko seinaleak aldatzeko.
Oscar Valbuena eta Roberto Alonsok ekonomatoa ez erostea proposatu dute. Hala, udalak 260.000 euro aurreztuko ditu. “Ez da inbertsio produktiboa eta ez dakar onura sozialik. Brigadaren beharrak beste era batera ase daitezke”, esan dute.
Komunikazioan diru gutxiago aurreztea ere proposatu dute. “35.000 euroko aurrekontua dago aurreikusita eta gehiegizkoa iruditzen zaigu. Gainera, diruaren zati handi bat enpresa baten zerbitzuak azpikontratatzeko erabiltzen da. 5.000 eurorekin nahikoa dela uste dugu”.
Aurreztuko liratekeen 290.000 euroekin aipatutako bost inbertsioak egitea proposatu zuten osteguneko Ogasun batzordean. “Itxaropenen 45.000 euro inbertitzea nahi dugu, eskailerak berritzeko. Obraren zati bat 2015ean egingo litzateke eta bestea 2016an. Dena den, diru-laguntzak lortuko bagenitu, dena 2015ean egiteko moduan geundeke”.
Junetorri autobusaren seinaleak aldatzea ere proposatu dute. “Geraleku guztietan posteak jartzea nahi dugu. Izan ere, plakak altuegi daude bizilagun batzuentzat. Aldaketa hau egiteko 5.000 euro behar dira”.
Gizarte zentroan 900.000 euro gastatzea proposatu dute. “Bigarren solairuko leihoak aldatu behar dira. Aurten lehen solairukoak aldatu dira. Gainera, teilatua berritu behar da”.
Eta Urtatzan 60.000 euroko inbertsioa egitea proposatu dute. “9tik 19ra zaharberritu zen, baina 19aren ingurukoa egiteko dago oraindik”.
Inbertsiorik handiena Laubiden egin nahi dute. “Irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu behar dira atari bakoitietan. 2014ko aurrekontuetan 260.000 euro gorde ziren horretarako, baina ez dute ezer egin. 90.000 euro gehiago jartzea eta Laubide atzealdea txukuntzea nahi dugu. Aurrealdea oinezkoentzat egokitu ondoren, atzealdeak trafiko handia hartzen du eta ez dago horretarako prestatuta”.
Gobernu taldearen jarrera salatu zuten. “Obra honi lehentasuna eman zitzaion 2013 hasierako Agenda 21eko bileretan, baina oraindik ez da ezer egin. Gobernu taldeak proiektua hilabete honetan egingo dutela esan du, baina denbora asko pasa da eta oraindik ez dakigu obra noiz hasiko den”.
Bestalde, PSE-EEko zinegotziek Arantzazu eta Laubide auzoetan gobernu taldeak ez duela agindutakoa bete salatu zuen eta aste honetan bertan alkateak komunikabideetara bidalitako gutun baten bidez erantzun du. “Bere gutunean, alkateak ez du azaldu zergatik ez dituen egin Laubideko eta Arantzazuko lanak. Gainera, musika eskolakoak eta Guriditegikoak ere egin gabe gelditu dira. Musika eskola Agirre-Etxeberrira eramateko dirua zegoen eta ez da erabili. Agirre-Etxeberriko obra guztiak enpresa sustatzaileak egin ditu”.
Nafarroa kaleko altzarien inguruko kexa ere azaldu zuten. “Hilaren 15eko batzordean hori buruz galdetu behar dugu. Izan ere, Agenda 21eko bileran zuhaitzak, aulkiak eta bizikletentzako aparkalekua jarri behar zirela esan zuten. San Inazio auzoan gertatzen denari buruz ere galdetu behar dugu: ea zertan den Juanastegi eta San Inazio lotuko dituen igogailuaren egitasmoa”, bukatu zuten.