Batasunak gaurdaino izan dira
Herri burugain gisa bereizi eta gero, gastuak gutxitzea bihurtu zen lehen egitekoa, baliabide apurrak erabilita. Erabakimena, ikusgarritasun politikoa eta norbere lurrak zein ondasunak kudeatzeko eskubidea irabazi zuten herriek, behin Ordiziatik eta Seguratik atera zirenean. Baina baita gastu handiak ere, egitura independentea beraien kabuz mantendu beharra izan baitzuten. Zailtasun ekonomikoak eragin zizkien egoera berriak herrixkei. Zorrei eta gastuei aurre egiteko, eskura zeuzkaten baliabide apurrak erabili zituzten. Herri lurrak saltzea izan zen aukera bat. Zerga berriak jarri zituzten udalek, ogia, ardoa, haragia, arraina, olioa edo beste jakiak fiskalizatuz. Eta zerbitzu publikoak errentan atera zituzten. Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietara herri bakoitzak bere ordezkaria bidaltzeko eskubidea irabazi zuen. Udalerriaren eserlekua hartu, eta zegokion su kopuruarekin (fogerazioa) bozkatzen zuen. Hara joateak ere gastu handia sortzen zien, eta gutxitzeko batasun estrategikoak eratu zituzten, beste herri batzuekin. Kontuan izan behar da, batzar nagusiek aldiko egun asko iraun zezaketela (hortik Batzar Nagusiak pluralean erabiltzea, egun bakoitzean batzar bat eratzen baitzen), zeuden gaiak landu arte. Burujabetasuna lortu zuten urtean berean, 1615ean, adibidez, Ordiziatik irten ziren zortzi herritatik sei atzera euren artean elkartu ziren. Oria Ibaiko Batasuna sortu zuten Legorretak, Zaldibiak, Gaintzak, Itsasondok, Altzagak eta Aramak. Seguragandik aldendu ziren beste bost herrik ere neurri bera hartu zuten, bi urte geroago, [...]
Herri burugain gisa bereizi eta gero, gastuak gutxitzea bihurtu zen lehen egitekoa, baliabide apurrak erabilita.
Erabakimena, ikusgarritasun politikoa eta norbere lurrak zein ondasunak kudeatzeko eskubidea irabazi zuten herriek, behin Ordiziatik eta Seguratik atera zirenean. Baina baita gastu handiak ere, egitura independentea beraien kabuz mantendu beharra izan baitzuten. Zailtasun ekonomikoak eragin zizkien egoera berriak herrixkei.
Zorrei eta gastuei aurre egiteko, eskura zeuzkaten baliabide apurrak erabili zituzten. Herri lurrak saltzea izan zen aukera bat. Zerga berriak jarri zituzten udalek, ogia, ardoa, haragia, arraina, olioa edo beste jakiak fiskalizatuz. Eta zerbitzu publikoak errentan atera zituzten.
Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietara herri bakoitzak bere ordezkaria bidaltzeko eskubidea irabazi zuen. Udalerriaren eserlekua hartu, eta zegokion su kopuruarekin (fogerazioa) bozkatzen zuen.
Hara joateak ere gastu handia sortzen zien, eta gutxitzeko batasun estrategikoak eratu zituzten, beste herri batzuekin. Kontuan izan behar da, batzar nagusiek aldiko egun asko iraun zezaketela (hortik Batzar Nagusiak pluralean erabiltzea, egun bakoitzean batzar bat eratzen baitzen), zeuden gaiak landu arte.
Burujabetasuna lortu zuten urtean berean, 1615ean, adibidez, Ordiziatik irten ziren zortzi herritatik sei atzera euren artean elkartu ziren. Oria Ibaiko Batasuna sortu zuten Legorretak, Zaldibiak, Gaintzak, Itsasondok, Altzagak eta Aramak.
Seguragandik aldendu ziren beste bost herrik ere neurri bera hartu zuten, bi urte geroago, 1617an, San Esteban Errekako Batasuna sortuz.
XVII. mendean zehar asko izan ziren halako bategiteak, herrien artean. Une berean batasun batean baino gehiagotan ere parte har zezaketen: Batzar Nagusietara ordezkari bakarra bidaltzeko, lur komunak kudeatzeko, herrien arteko partzoneriak sortzeko…
Areria, azken batasuna
XVII. mendean desegin zituzten batasun gehienak. Herri ugariren arteko aliantzetan azkenekoa Oria Ibaiko Batasuna eta Areriako alkatetza nagusia izan ziren. XIX. mendera arte.
Gabiriako Guardia izeneko etxean, Alegia auzoan, gordetzen zituzten Areriako bizilagunen gerrarako armak, alkatetzaren bandera eta bere kapitainaren aginte-ikurra.
Areria osoko zigilua ere han zeukaten. Areriak 1860an 61 suko ordezkaritza zuen Batzarretan. Lazkaon zeukan (eta dago) batasun horren artxibategia.
Goierriko herrien arteko batasunak
Hirigune handiak desegin zirenetik aurrera, hainbat herri elkarrekin batu ziren gero ere, Batzar Nagusietara batera joateko.
Ordiziaren menpe (Bozue Txikiko batasuna). Ordizia 1256an sortu zen, eta hiribildu titulua 1268an eman zioten. 1399ko apirilaren 8an batu zitzaizkion inguruko herriak, laguntasun agiria sinatuta. 1615ean atera ziren: Itsasondo, Arama, Zaldibia, Beasain, Altzaga, Ataun, Gaintza, Legorreta eta Lazkaoko etxe batzuk (Maizaundia, Izagirre biak eta Garmendia, 1648ra arte).
Seguraren menpe. Segura 1256an sortu zen. 1384-85ean hainbat herri batu zitzaizkion: Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi, Gabiria (XV. mendera arte), Legazpi (1608ra) eta Zegama. Ezkio ere egon zen (1441-1461), eta Zumarraga eta Urretxu (1405-1411).
Urretxuren menpe. 1383an eratua. Ezkio (1385-10-29tik 1441era) eta Zumarraga (1383-12-11tik 1405era).
Areria Alkatetza Nagusia. Areriaren lehen aipamena 1027koa da. 1375ean, Gipuzkoako hiru alkatetza nagusietako bat zen. Hiru fase izan ditu: a) Antzinatik 1461era, lau herrik osatua: Lazkao, Olaberria, Itsaso eta Arriaran. Lazkano eta Arriaran etxe boteretsuen aliantza gisa. b) 1461-3-12tik 1661era. Sorrerako laurez gain, Zumarraga, Gabiria eta Ezkio sartu ziren. Alkatea txandaka aukeratzen zuten, urtero. 1658tik Itsaso eta Arriaran bat izan ziren (Itsaso zen ordezkaria). c) 1661etik aurrera: hasierako lau herriak geratu ziren. 1679an Ormaiztegi, Astigarreta Gudugarreta batu zitzaizkien.
Oria Ibaiko Batasuna. 1615etik 1845era. Arama, Gaintza, Legorreta, Altzaga, Zaldibia (1682 arte, eta gero berriz 1741etik 1768ra bitartean).
San Esteban Errekako Bailara Elkartea. 1617tik 1637ra. Zerain, Mutiloa, Gudugarreta, Astigarreta eta Ormaiztegi. 1637an Zegamako Herri Elkarte bihurtu zen.
Zegamako Herri Elkartea. San Esteban Errekako Bailara Elkarteari 1637an Zegama gehitu zitzaionean sortu zen.
Beasain, Ataun, Idiazabal. 1619tik 1639ra bat eginda.
Beasain eta Ordizia. 1644tik 1654ra.
Zerain eta Legazpi. 1662tik 1768ra.
Argisanoko Santa Kruzen Batasuna. 1663tik 1766ra. Gabiria, Zumarraga eta Ezkio.
Zaldibia eta Ordizia. 1682tik 1741era.
Beasain, Zaldibia, Ordizia eta Arama. 1682an batu ziren. 1710ean Ataun batu zitzaien.
Itsaso eta Arriaran. 1692an batu eta udalerri bakarra eratu zuten. Banatu egin ziren geroago, baina biak Arerian segiz.
Lazkao eta Olaberria. Olaberria Lazkaoren auzo izan zen, 1804ko urriaren 15ean bereizi zen arte. Zeba izen zaharretik Olaberria berrira XV. mendearen bigarren erdian aldatu zioten.
Atazalbeako Batasuna. 1818tik 1852ra. Beasain, Ataun eta Zaldibia.
Artamalastegi Elkartea. 1825.8-26an eratua. Idiazabal, Mutiloa eta Zerain.
Arriaran eta Beasain. Arriaran 1927an batu zitzaion Beasaini, auzo gisa. Gaur arte.
Ezkio eta Itsaso. 1965eko martxoaren 2an batu ziren. Gaur egun arte.
Altzaga eta Itsasondo. 1967tik 1992ra.
Aralarko Mankomunitatea. 1409. Villafranca (Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Lazkao, Ordizia eta Zaldibia), eta Amezketako Batasuna (Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta, Legorreta eta Orendain).
Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria orokorra. 1440. Segura, Idiazabal, Zegama, Zerain, Asparrena eta San Millan.