Hiru minutuko bertsoaldia bakarrik izan zen, baina egunsentiari inoiz inork egin dion poesia gogoangarrienetakoa utzi zuen. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txikik egun jaio berriari botatako hiru bertsoak bertsolaritzaren antologiarako geratu dira. Orain justu 50 urte bete dira ordutik: 1965eko ekainean bota zituen bertso haiek, bat-batean, Lazkaoko Domarda elkartean.
Domarda elkartea 1963an ireki zuten, Lazkaoko hiru koadrillak. Harrezkero, urtero ospatu ohi zuten urteurrena, ekaineko igande batean. Bazkari eder bat, eta bertsolariak ondoren. 1965eko elkarteko festan Lazkao Txiki eta Jon Lopategi ziren kantuan, Intxaurrondo Txiki etxearen atzeko soziedadean —2006an aldatu zuten egoitza Aresoko gaur egungo tokira—.
Duela 50 urte, isildu gabe ari ziren bertsotan Lopategi eta Lazkao Txiki. Itsasondoko Jesus Lete Ibaiertz-ek jarri zituen gaiak, nahiz bera ez zen bazkaltzen eta saioan izan. Jabier Muruamendiaraz zena izan zen aurkezle, elkartean.
Egunsentia etxetik ikusia
Binaka ofiziotan, banaka gaia emanda, lau oinekin bertsoak osatzen… ariketa ugari egin zituzten. Tartean, atsedenaldian bazkaltiarren kantu ederrak, hiru ahotsera. Muruamendiarazek berak grabatu zuen saioa, magnetofoiarekin. Kasetean kopiak banatu zituen, geroago.
Berriz ekin zioten bertsolariek, grabazioko ordubete ingurura dago une gorena. Lehenik, Lopategik hiru bertso bikain bota zituen, «itsasoan galdu den semeari». Jarraian, Lazkao Txikiri gai hau jarri zion Muruamendiarazek: «Iztueta: egunsentiaren edertasuna, Lazkaomendiko zure etxetik ikusita. Hiru bertso». Hala erne zen egunsentirik ederrena, Joxe Migelen ahotik. Txaloz luze eskertu zuten Domardako entzuleek.
Egunsentiari
Goizian goiztar jeikitzen banaiz
kanporatutzen naiz beti.
Ta ikusten zaitut zabaltzen goruntz
eguzkiaren aldeti.
Eguzkiaren edertasuna
hortxen dator sortaldeti.
Egunan haurtzaro besteik etzera
bihotzeko egunsenti.
Argi polit bat badatorkigu
erdi zurizko urdiña.
Gure jainkuak zeru goitatik
mirabe antzo egiña.
Guk behar genduke sendotasun bat
eta sinistamen fiña.
Zer miraria dan egunsentia
konturatuko bagiña.
Loa uxatu det oheti ta
eguzkiak hor dio su.
Inpernuaren antz berbera zuk
alde batera daukazu.
Baiña eguna gazte zera ta
zure eskuan naukazu.
Milla zorion egun guztian
arnas ematen banazu.