Hilabetean arnas berritu
Hamaseigarren urtez Bielorrusiako haur bat uda pasatzera ekarri du Asun Mendizabalek, kutsaduratik aldentzeko.
Duela ia 30 urte egin zuen eztanda Txernobilgo ...
Hamaseigarren urtez Bielorrusiako haur bat uda pasatzera ekarri du Asun Mendizabalek, kutsaduratik aldentzeko.
Duela ia 30 urte egin zuen eztanda Txernobilgo zentral nuklearrak, 1986ko apirilaren 26an, larunbat batez. Gaur egungo haur ukrainiarrek ez zuten gertakari hura bizi izan, baina oraindik jasaten dituzte ondorioak. Erradioaktibitate mailak altuak dira oraindik, eta kutsaturik daude airea, lurra, zein ura. Osasunean arazoak eragiten dizkiete horrek.
Baina, Ukrainiako biztanleek bakarrik jasaten al dituzte ondorioak? Tamalez, ez. Erradioaktibitatea ez dago muga politikoen mende, eta inguruko herrialdeetan ere maila altuak atzeman daitezke. «Nik beti adibide bera jartzen dut: Baionan eztanda nuklear bat gertatuko balitz, komunikabideek Frantzian gertatu dela esango lukete, baina Frantziako iparraldekoei baino gehiago eragingo liguke guri», azaldu du Asun Mendizabal zegamarrak.
Izaki izeneko gobernuz kanpoko erakundeko kidea da Mendizabal, eta hamasei urte daramatza Bielorrusiako haurrak etxera ekartzen, erakundearen bidez. Izan ere, Bielorrusiako haurrek ere jasaten dituzte 1986ko gertakari haren ondorioak. Izakiren bidez, hilabete eta erdi pasatzen dute haurrek Euskal Herrian. Aurten Bielorrusiako hiru haur daude Goierrin: bat Beasainen, bestea Legorretan, eta hirugarrena Zegaman, Mendizabalekin.
Hemen pasatako hilabete eta erdiak «ikaragarrizko mesedea» egiten diela adierazi du Mendizabalek. «Hemengo airea arnastuta, hemengo janaria janda… erradioaktibitatea gorputzetik garbitzea da helburua» adierazi du.
Eta, antza denez, izaten du eragina. «Behin nirekin izan nuen haur baten gurasoek eskutitza idatzi zidaten esanez hemen izan ondorengo neguan ez zuela katarrorik ez beste gaixotasunik izan», oroitzen du. «Hemengo egonaldiak horretarako behintzat balio badu, ni gustura».
Hizkuntza ez da muga
Bielorrusiako haurrak ekartzen hasi zenetik, lau neska ezberdin izan ditu berarekin Mendizabalek. Aurten Nastya dago bere etxean, hirugarren urtez. Hamabi urte ditu Nastyak eta Gomel eskualdekoa da. Hegoaldean dago Gomel, Ukrainiarekin muga eginez. Lotsatia dirudi lehen begi bistan, baina etxekoekin «oso maitakorra» dela dio Mendizabalek. «Familiok maitasuna eta esker ona jasotzen ditugu haurren aldetik, baita haien familien aldetik ere, eta horrek lan guztia konpentsatzen du».
Izan ere, Mendizabalek ez du ukatzen haur bat etxera ekartzeak lanik eragiten ez duenik. Gustura egiten du, ordea. Batez ere, lehen urteak dira gogorrak zegamarraren esanetan. Komunikazioa izaten da oztopo handiena. Errusiarrez eta bielorrusiarrez egiten dute haurrek, eta hasieran keinuka ulertu behar izaten dute elkar. Hizkuntza ez da muga izaten, hala ere. Apurka egiten diote aurre.
Nastyak, esaterako, dagoeneko badaki euskara apur bat. Mendizabalek dena euskaraz egiten dio, familian eta herrian horixe delako erabiltzen duen hizkuntza. Nastyak gehiena ulertzen du dagoeneko, eta hitz batzuk ere egiten ditu. «Nire bilobekin ederki asko komunikatzen da; dena ulertzen diote elkarri».
«Hemen hilabete eta erdi pasata haurren osasuna ikaragarri hobetzen da»
«Familiok esker ona eta maitasuna jasotzen ditugu haurrengandik eta familiengandik»
«Gu zortedunak gara jaio garen lekuan jaio garelako, baina beraiek ez»
Asun Mendizabal, harrerako familia
Igerilekura joatea gustatzen zaio gehienbat Nastyari, Mendizabalen alabarekin. Bestalde, astebetez oporretara ere eramaten dute. Eta gainontzekoan eguneroko bizitza egiten du Zegamako etxean. «Azken finean familiako bizimodua egiten dugu, besterik ez, eta, noski, oporrak direnez, hainbat ekintza egiten ere saiatzen gara».
Abuztuaren erdialdean itzuliko da Nastya Zegamatik Bielorrusiara. Agian datorren urtean bueltatuko da, eta agian ez. Ez dute jakiten. Gehienek hamalau bat urte dituzten arte jarraitzen dute etortzen. Batez ere, ikasketengatik. Izakik eskolen bidez ekartzen ditu haurrak Euskal Herrira, eta baldintzetako bat ikasturtea gaindituta edukitzea izatean da.
Dena den, berriro ez itzuli arren, Mendizabalek harremana mantentzen du bere etxean izan diren neska gehienekin. Harreman estua, gainera. «Nire urtebetetze egunean eta gabonetan beti deitzen didate», adierazi du. Internetek, noski, errazten die komunikazioa. Baita Mendizabalek prestaturik dituen taulatxo batzuek ere, bi hizkuntzetako oinarrizko esaldiak biltzen dituztenak.
Bidaia autobusez
Izaki erakundeak lau haur ekarri ditu aurten Gipuzkoara, eta beste hainbat Arabara. Autobusez egiten dute bidaia, ez dagoelako zuzeneko hegaldirik. Aurten Mendizabalen gizona joan zen autobusean, haurren bila, eta Nastyaren ama ezagutzeko aukera izan zuen. «Negar malkotan eskertu zion bere alabari gure etxean izateko aukera ematea», adierazi du Mendizabalek.
Halako momentuetan sentitzen denak, haurrengandik jasotako maitasunak eta ahal duten neurrian Bielorrusiako haurrei laguntzen ari direla jakiteak ematen dio indarra Mendizabali urtero haur bat ekartzeko, eta erakundean lan egiteko. «Gu oso zortedunak gara jaio garen lekuan jaio garelako».